Beraz, eskola batzuetan, armen erabilera ikasten da Euskal Herrian. Horrez gain, heldu diren asteetan zineman argitaratua izanen den filma batean, euskaldunekin lotuak diren estereotipo guziak ikusiko ditugu. Asumitu behar da ere nunbait euskaldunek edo abertzaleek maite ditugula noiztenka gure berezitasunak azpimarratzea.
Badu orain mendeak Euskal Herritik pasatu diren beilari, gudari, filosofo, errege, kazetari, aditu eta beste, ari direla gure berezitasunak azpimarratzen edo argirat erakusten. Horrez gain, zonbat dira guri buruz erranak eta zabalduak izan diren ahoberokeriak, gezurrak eta laidoak ere.
Ez ote da etorri ordua aldarrikatzeko herri normala girela edo dugula, identitate elementu edo parametro berezi batzuekin noski, bainan munduko edozein herri bat bezala, eta ez gehiago edo guttiago.
Iduri luke batzuek nahi dutela egin Euskal Herriaz lurralde berezi bat edo euskaldunetaz biztanleri berezi bat, hola ondotik neurri berezi batzu plantan ezartzeko edo hartzeko gure kasuarekin.
Logika horren ondotik beraz, behar litaizke izan gure eskolak bereziak, gure hizkuntza berezia, gure preso politikoak bereziak, gure lurralde antolakuntza berezia, gure bake prosesua berezia eta abar.
Beharko dute egun batez ulertu edo onartu herri normal bat girela eta normaltasun horren haritik, behar ginituzkela nazio bezala beste munduko edozein herrik dituen dretxoak eta antolatzeko, erabakitzeko, azken finean bizitzeko moldeak baliatu.