Amikuzeko Erreken Lagunak Elkarteko kidea den Olivier Gauyacq-ek, Batera-ren “Herri Elkargo bakarraren” aldeko ekitaldian, Donibane Garazin Ingurumenaren eskumena ordezkatu du. Hara haren elkarteari buruz egin elkarrizeta, eta Herri Elkargo bakar baten sortzeak ekar litzazken onurak erreken babestearen arloan.
Noiz eta zer helbururekin sortu da “Amikuzeko Erreken Lagunak” elkartea
“Amikuzeko Erreken Lagunak” elkartea 1994an sortu da Amikuzeko erreken garbitzeko xedearekin. Azpimarratu behar da elkarte kideek 7 urte lehenago garbiketa lanak egiten zituztela jadanik hainbat erreketan.
Zein izan da elkartearen ibilbidea eta zein izan dira elkartearen gauzatzerik garrantzitsuenak?
Elkartea hasi da Lakuñeko erreka ttipi edo latsarekin, Mitiriñan. Garai hortan erreka hori arrantzarako erreserba bat zen. Amuarrainen ugalketarentzat egokia zen ere. Garaian errekak eta latsak arrunt utziak ziren eta zikin untzi bezala erabiliak. Azken 30 urteetan erreka guziak garbituak izan dira. Bestade, Aiziritzen, mugikortasuna mugatua duten pertsonentzat plataformak eraiki ditugu. Aurten, Iholdiko errekatik ehunka burdin xafla izurdunak atera ditugu zeren bi mila eta hamalaueko uholdeetarik landa hangar bat eramana izan zen eta geroztik atal guziak errekan ziren.
Gaur egun, zein dira elkartearen lan sail nagusiak?
Gaur egun erreken garbitzea eta libratzea da lehentasuna. Zubien azpian tapadurak badira. Tapadura horiek arriskutsuak dira: uholdeak sor arazten ahal dituzte edo zubiak kaltetzen ahal dituzte ur handitze edo goratze indartsuen karietara. Bestalde, mendi mazel bat erori da Hoztako latsa batean, eta horrek jarraikitasun ekologikoa trabatzen du. Lanak iraila bukaeran hasiko ditugu. Martxoa arte.
Iparraldeko beste eskualde batzutan erreken garbitzeari dagokionez den errealitatearekin nola konparatzen duzue zuen egoera?
Uraren kalitatearen hobetzeko xedearekin duela 30 urte errekak garbitzen ari den lehen bolondres elkartea da gurea. Denentzat onurak ditu guk daramagun ekintzak. Ez dut ezagutzen Iparraldean ber lana daraman beste elkarterik. Arlo pertsonalean izigarri aberatsa da bizitzen duguna zeren kuraia eta motibazio ainitz behar da neguan, igandero zangoak urean lanean karraskan arizaiteko.
Ipar Euskal Herriarentzat Elkargo bakar baten ukaitea zer posibilitate berri eskaintzen du zuen elkartearen lanari dagokionez, hots erreketako uren kudeaketari dagokionez?
Biziki inportantea da eta premiazkoa da erreken sindikatu baten sortzea. Hark guk ezin duguna egin, kudeatzen ahalko du: Iholdiko eta Biduze edo Lapiotz erreken garbitzea adibiez. Hori itxoiten dugu duela sobera urte, eta sobera hitzemana izan zaigu. Ez dugu eragiteko medio materialik, bolondres moduan lan egiten dugu, material ttipiarekin. 2014eko uztailaren 4eko ur handitzeetarik landa errekak suntsituak izan dira… eta horrela gelditu dira. Herri elkargo baten lana da konpontze lan horietan eragitea.
Zer gomita egin zinezake herritarrei konduan har dezaten erreken artatzearen premia?
Duela 40 urte errekak biziki zikinak ziren eta uraren kalitatea kaxkarra zen. Gaur egun hobekuntza ainitz ezagutu dira. Baina adi egon behar da. Amuarrain salbaiak ugaltzen dira. Eta hori berri ona da. Baina oraino satsudura ezberdinak badira. Nahiant guziak gomitatzen ditugu igande goiz guziz negu honetan gurekin garbiketa lanetara hurbiltzerat. Denen artean ondorio baikorrak lortuko ditugu.