Stéphanie Carré PAF “Pour une Alternative Féministe” elkarteko militanteak aurkezten digu alternatiba feministaren alde daramaten lan ildo eta egiteko molde berria. Aurten ere PAF elkarteak gogoeta eta formakuntza parada ezin hobea eskaintzen digu martxoaren 31tik apirilaren 2ra iraganen den «Emazteak irudiaren prismatik» gai nagusia ukanen duen Unibertsitate Popularraren bidez.
Zer da PAF-a elkartea?
PAF «Pour une Alternative Féministe » edo Alternatiba Feminista baten aldeko elkartea 2009an sortu da Baionan. Garaian gure burua ez ginuen kokatzen jadanik martxan ziren talde feministetan eta bereziki nahi ginuen gizonei elkarrizketa zabaldu genero eta desberdintasunen arloan. PAF, elkarte mistoa da. Hain segur belaunaldi kontu bat da: bizitzen dugun feminismoa ez da duela 20 edo 30 urtekoa bezala. Borrokaren bidez eskubide batzu lortu dira, orain guri da segurtatzea eskubide horiek zainduak direla eta oroz gainetik, berdintasunaren alde borrokatzea, beste molde batez.
Zein dira hastapenetik gauzatu dituzuen egiteko molde ezberdinen formakatuak?
PAF elkarteak ekintzak, proiekzioak, eztabaidak antolatzen ditu noizbehinka, aktualitatearen arabera edo bereziki sakondu nahi dugun gai baten arabera.
Hastapenetik garrantzia berezi bat eman duzue Unibertsitate Popularraren formatuari. Zertako?
Egia da ez girela bereziki engaiatuak martxoaren 8a (Emakumeen Eskubideen Nazioarteko Eguna) eta azaroaren 25a (Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna) bezalako egunetan. Ez da data horiek ez direlako garrantzitsuak, baina tokiko beste talde feministek gehiago berezituak dira data horietan. PAF elkartearentzat Unibertsitate Popularra urtero errepikatzekoa den formula da. Hastapenean, gertakari hori pentsatua izan da formakuntza momento bat bezala elkarteko kideentzat, eta azken finean publikoari ideki da, denek baliatzeko parada ukan dezaten. Formakuntza denbora hori guretzat baitezpadakoa da, zeren topaketak, elkarrizketak eta eztabaidak proposatzen ditu, jakinez urtean zehar ez dugula lortzen behar den denbora hartzen horren egiteko.
Zerk eraman zaituzte aurtengo gai nagusiaren hautatzerat ?
Jada landu ditugu aurreko edizioetan Generoa, Desberdintasunak, Mistotasuna eta Familia. Aurten, hautatua izan den gai nagusia « Emazteak irudiaren prismatik ». Gaur egun, irudiak gure eguneroko ingurumena sortzen du: zinemak, telebistak, internetek, denetan agertzen den publizitateak, etab. Eta ondorioz, argi eta garbi da emazte-objektu kontzeptua edo emaztearen instrumentalizatzea nagusitzen da. Gaur egun nagusi den kontsumo-jendartean, emazteak bilakatu dira, molde orokorrean gizonezkoentzat plazer iturri diren merkantziak. Emaztea bertan objektu sexual soil bat bezala irudikatua da, bazterrean utzi behar dituena bere kalitateak, eta gaitasun intelektualak eta pertsonalak. Biolentzia sexista mota horiek, ainitzetan emazteek barneratzen dituzte, eta beren buruarekiko duten itxurarengan eragina dute, publizitatea, zinema, bideo-jokoak, etab. direla medio.
Nola eta zer angelu ezberdinekin gai hori jorratuko duzue?
Gaia euskarri ezberdinak direla medio landua izanen da. Ostegunean, martxoaren 31n, Sylvie Travaglianti-k aurkeztuko du bere «Réifiées – Emazte gauzatuak » dokumentala, publizitatean den sexizmoaz. Ostiralean, apirilaren 1an, “Madame Dame” (edo “Drea Andrea”) Punk Kantari Famatuak itzulipurdikatuko ditu betiko leloak bere One Woman Show-arekin, izerdi eta xarmak lagun. Larunbatean, apirilaren 2an, hitzaldien tartea izanen da, besteak beste Jennifer Houdiard-ekin. Harek emazte eta gizon irudikapenak aipatuko ditu eta bereziki genero estereotipoak, oro har azken hamar urteetako telesailetan, frantziar, español eta katalandar adibideak erabiliz. Xehetasun gehiago : www.pourunealternativefeministe.org