Ossau Irrati sor markako hauteskundeen iragan berri direla, sor marka horien garrantzia azpimarratzekoa da. Kalitatezko ekoizpenak lagunt eta bultzatzeaz gain, sor marka batek tokiko garapena bultzatzen du.
Berriki, azaroaren 5 eta 6an, Haute Ariège aldean, Ax-les-Thermes hirian, Europa mailako kolokio bat antolatu du Confédération paysannek. Bilgune horrek bi egunez gai sakona aztertu du. «Mendian nola, zertarako plantatu eta atxiki laborariak”. Ministro, hautetsi eta laborari ainitzek parte hartu dute hausnarketa hortan.
ELBtik ere delegazione bat izan da Iparralde huntan gai horrek gure sindikatarentzat duen garrantzia eta lehentasuna jakina baita. AOP edo sor marka den kalitate ezaugarria aipatu da besteak beste kolokio hortan. Badakigu kalitatezko ezaugarri desberdinak (AOP, IGP…) tresna eraginkorrak izan direla iparraldean, mendialdean, laborariak oraino arras polliki atxikitzeko (estado frantseseko beste eskualde batzuri konparatuz).
Sor marka batek mendialdean eginkizun ekonomiko berezia du, honek baitio laborariaren lanari balio gehitu bat emaiten. Bestalde, aipatu laborariaren inguruan bizi diren beste eragile ainitz, kate baten moduan, sor markarekin bizi dira: esnearen kasuan tresna saltzaile, esne biltzaile, gasnategi, saltegiko langile…
Sor marka duten ekoizpenek badute ere abantaila zeren ardura nortasun eginkizun azkarra segiarazten dute. Eskualde batean, lekuko laborariak lotzen dira, identifikatzen dira ekoizpenari, eta harrotasuna emaiten die. Badakigu harrotasun sano hori ezaugarri garantzitsua dela herriko bizian, laborari gazteen artean, laborantza eskoletako ikasleen artean. «Hi instalatzen haiz? Ni ere egiten nauk !”. Hiritar batentzat menturaz ezin ulertua den harrotasuna beharrezkoa izan da mendez mende, eta orain are gehiago laborantzaren mugak eta zailtasun ekonomikoak ikusita.
ELBk azkenik eraman duen borroka preseski hortan zen:
Fdseak Ossau Iratiko arauditegia apaldu nahi ukan du,
sor marka epeldu!
Soka tira gogorra izan da bainan lortu dugu ardi esnean,
hain garantzitsua dena gure eskualdeko hainbeste etxalden geroarentzat,
Ossau Irati sor marka den bezala finkatzea.
Gainbalioa eta fama
Sor marka batek eragiten dio ere laborarien lehen zirkulutik harat, auzo eta herritarren baitan, hauek bilakaraziz ekoizpen horien enbaxadore. Ekoizpen horren gainbalioarekin eta fama
onarekin identifikatzen baitira. Gisa hortan dinamika orokor bat sortzen da. Hau ez da teoria hutsa… Dinamika hori egiaztatzen ahal den leku eta adibide arras argia dugu Aldude, Banka
eta Urepele biltzen dituen ibarra : gasnategi, arraintegi, haragitegi… Ez dira ikaragarriko lantegiak lanpostuetan bakarrik oinarritzen bada, bainan bat bestearen ondoan lerrokatuz,
hauen ondorioak bai izigarri baikorrak direla.
Pentsa! Nork erranen zuen duela hamar urte Banka herriak haurtzaindegi bat ukanen zuela. Batek bestea ekartzen du. Ibar hortako laborategi sozio-ekonomikoak hori frogatzen du. Haatik azken asteetako esperientziak erakusten dauku sor marka bat lortzea ez dela aski.
Biziarazi behar dela, oinarrietan firme egon, kontsumitzaileek huntan duten konfiantza garantizatu ahal izaiteko.
ELBk azkenik eraman duen borroka preseski hortan zen: FDSEAk Ossau Iratiko arauditegia apaldu nahi ukan du, sor marka epeldu! Soka tira gogorra izan da bainan lortu dugu ardi esnean, hain garantzitsua dena gure eskualdeko hainbeste etxalden geroarentzat, Ossau Irati sor marka den bezala finkatzea.
Aste huntan jakin da ere Euskal xerri sailean Kintoa sor marka sortu dela. Irulegiko arnoa, Ossau Irati gasna, Ezpeletako biperra eta orain Kintoa! Bihar Itsasuko gerezia? Mendia, mendialdea, laborantza iraunkorra, gisa hortan biziaraziko ditugu!