“Makur bitez armak togaren aurrean”. Halaxe euskaratu daiteke latinez Ciceronek bere olerki famatu baten hasieran idatzi zuena, Erromako kontsula izan zelako denboraldia laudatu nahirik. Gure denboretan bi kasu horietan aplika daiteke Ciceronena. Bata, borroka armatua utzi duten eta bide politikoan eta demokratikoan sartu diren iraultzaileei buruz. Bestea, diktatura militarrak bukatu ondoren estatuko herri(ar)entzat askatasun gehiago emateari buruz.
Franco hil ondotik hiru urtetara, konstituzio berri bat eraturik izan zen Espainiako Estatuan, baina Iberian dauden nazionalitateei askatasun murriztu bat ematen zien. Herrialde eta naziotasunen arteko diferentziarik ez zen agertzen konstituzio honetan. Euskal Herriak eta Kataluniak nahi zituzten eskumenak ez ziren osorik emanik izan eta okerrena da Konstituzio horren zortzigarren artikuluaren arabera, militarrek Espainiako osotasuna gordetzeko eskumen osoa ukaitea, baldin-eta Estatuaren zati batek banatzeko xedea balu.
Herriak aintzat bere burua definitzeko ahalmenik edo baimenik ez egotekotan ezin dezakegu aitortu benetako demokrazia bat dagoenik.
Gauzak horrela izanik, Euskal Herrian naski ez zen ETA talde armatua egoera lasai batean geratu, eta urte luzez borroka armatuari jarraitu zion, 1981-garren urtean militarrek estatu golpe baten egitera bultzatu zutena. Madrilen iragan diren gobernu guztien agintze pean Espainiako herri menperatuen aurkako zapalkuntza eten gabe jarraitu da, itxura batez zein besteaz: lege antiterroristak; GAL; atxiloketak; LOAPA; LOMCE; presoen kontrako zigorren emendatzea… Espainiako gobernuak ukan zituen erreakziorik txarrenak Ibarretxe Plana eta Kataluniako prozesu independistaren kontrakoak zirelarik.
Bitartean ETAk behin betiko eta alde bakarreko su eten bat aldarrikatu eta errespetatu du, alderdi guztiek bake bide normalizatu batean sar daitezen. Honetaz gainera, nazioarteko adituek gainbegiratzen duten desarmatze prozesu bat abian dago azken urte hauetan; baina parte hartu ordez, nazioarteko adituei arazoak xerkatzen dizkiote Espainia eta Frantziako agintariek.
Haatik bake prozesua hitza ez dute entzun nahi Espainiako Gobernuak eta ordezkaritzat Euskal Herrian dituen alderdi espainolistek. “Bake biderik ezin daitekeela izan gerlarik ez, baizik-eta terrorismorik izan zelakoan.” dioskute.
Jazargo handi handia da hori, zeren -eta “terrorismoaren aurkako gerla” behin baino gehiagotan aipatzen da gure gaurko Munduan: Bush jaunak Afganistanaren kontrako erasoa aldarrikatu zuelarik eta Aljeriak Frantziaren aurka antolatu zuen independentzi gerla. Azken kasu honetan duela bakarrik hogei urte aitortu zuen Frantziako gobernuak Algerian gertatu zena gerla bat izan zela.
Azken kasu latza Nafarroan gertatu da Imanol Haranburuarena dugu. 1988-garren urtean eginen zuen “hoben edo delitu” batengatik atxilotu zuten eta bere kondena egin ondoren, irakaskuntza eta euskalgintza diren bere ohiko lanetara itzuliz gero, haren bergizaratzea posible eta erraza izan zela frogatu zuen jende guztien aurrean. Noiz -eta ETA-koa izan zelakoan, Nafarroako gobernu berriak, segurik UPN-aren presioenpean, Hizkuntza Eskoletako zuzendaritza ukatu zioten. Espainiako edo Frantziako gobernuek egiten dutenaren aitzi, Imanol Haranburuk egun batez hartuko zituen armak utzi ditu kulturaren toga betirako hartzeko, baina bidea itxi diote.