Igandean, Urriaren 11n, arratsaldeko 16:30tan, Leire Txakartegik, ELAko genero, berdintasun, immigrazio eta euskara arduradunak, parte hartuko du Alternatiba Garaziko «Mugimendu klimatikoa, COP21 ari buruz eta mobilizazio iraunkorrari buruz martxan» osoko hitzaldian. Elkarrizketa honetan aurkezten digu nola Urriaren 24an iraganen den Bilboko Alternatiba, klima aldaketaren aurkako borrokan beste geltoki bat izanen den non sistema kapitalista suntsitzailearen aurka borroka ezberdinak (sindikala, feminista, ekologista) batzearen beharra azpimarratuko den.
Baionan iragan den lehen Alternatiban, “10,100,1000 Alternatiba” egiteko deiak zer erantzun ukan du Hego Euskal Herrian?
Erantzun ona izan du. ELArentzat hasieratik izan zen erronka erakargarria Hego Euskal Herrian Alternatiba bultzatzearena, aldaketa klimatikoak eskatzen duen trantsizio ekologiko eta sozialean sindikatuok asko bait daukagu esateko eta egiteko. Sistema ekonomikoa, injustizia soziala eta klima aldaketaren arteko erlazioa erabatekoa da. Guretzat ezinbestekoa da egungo ereduaren aurrean alternatibak eskeintzea eta bestelako eredu bat posible dela erakustea, esparru sindikaletik hasita. Bilboko Alternatibaren deialdia eta antolakuntza Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik egin dugu, non ELAk beste hainbat eragile sindikal eta sozialekin parte hartzen baitu. Aipatutako Kartan pertsona eta planetaren jasangarritasuna erdigunean jarriko duen eredu berri baten alde egin dugu eragile sindikal eta sozial anitzek. Alternatibarekin lotura zuzena du beraz: Karta Sozialean jasotzen diren eskubideak garatzeko sistema goitik behera aldatu behar da eta horrek alternatibetan sakontzera garamatza.
Zer izango da Bilboko Alternatiben Herria?
Urriak 24ko Alternatiban Karta Sozialaren edukiak hartuko dira abiapuntu gisa eta ardatz ezberdinak landuko dira. Bost auzotan banatuko dugu Bilboko erdigunea eta auzo bakoitzak eduki eta alternatiba ezberdinak landuko ditu. Labur labur aipatuko ditut: natura (energia, klima aldaketa, hondakinak…); ekonomia eredua (finantzak, txanpona, enplegua,…); demokrazia, parte hartzea eta burujabetza (partehartze prozesuak, eredu ekonomiko, soziala eta politikoak erabakitzeko eskubidea…); bizitza anitz eta duinak (jatorria eta sexu aniztasuna…); ondare komuna (euskal hizkuntza, hezkuntza eta kultura…).
Auzo bakoitzean hitzaldiak, mahai inguruak, tailerrak, kale ikuskizunak, jolasak izango ditu. Kale animazioa, jan-edateko gunea, musika… ez dira faltako, jakina! Praktikan nola iragan da Bilboko Alternatiben Herria-ren antolaketa? Auzo bakoitzak bere dinamika izan du eta koordinazio gune ezberdinek ere funtzio garrantzitsua bete dute. Alternatiben Herriaren helburua ez da bakarrik egun hori arrakastatsua izatea.
Hortik sortuko den esperientzia eta eragile guztien artean sarea sortzea ere ezinbestekoa da. Dagoeneko 120 eragilerekin kontaktatu dugu, 65 ari dira buru-belarri lanean eta 100 esperientzia edo alternatiba konkretu identifikatu dira. Antolaketa prozesua bera esperientzia interesgarria izaten ari da, dudarik gabe.
Bilboko Alternatiba ere larrialdi klimatikoari aurre egiteko sistemaren aldatzeko premia azpimarratzeko parada berri bat izanen da, mundu mailako mobilizazioan Hego Euskal Herritik bere aportazioa eginez, ezta?
Hala da, bai. Bilboko Alternatiba klima aldaketaren aurkako borrokan beste geltoki bat izango da eta sistema kapitalista suntsitzailearen aurka borroka ezberdinak batzearen beharra azpimarratuko du: borroka sindikala, feminista, ekologista… Guztiok bat egingo dugu Alternatiban. Urriaren 24aren ostean baditugu hitzordu gehiago. Abenduko COP21aren inguruko Pariseko mobilizazioetan ere parte hartuko du ELAk eta Hego Euskal Herrian mobilizazioa sustatzeko beste eragileekin ere lan egingo du, ahalik eta erantzunik zabalena lortzeko.
(*) Igandean, Urriaren 11n, arratsaldeko 16:30ta, Leire Txakartegik parte hartuko du Alternatiba Garaziko osoko hitzaldian «Mugimendu klimatikoa, COP21 ari buruz eta mobilizazio iraunkorrari buruz martxan»