Ongi etorri Herri Urratsen 32. edizio honetara. Urtero bezala, hitzaldien memento hau urte osoan ikastolen inguruan izan diren gertakizunei behako bat emaiteko unea da. Eta beste behin ere ikastolentzat urte zaila izan dela ezin uka.
Urte guzia Zibururi so pasatu dugu.
Guy Poulouk ikastolarendako eraikin publikoa hitzeman zigun hauteskundeak aitzin. Ondotik, aldiz, eraikina ukatzeaz gain, alokatzen genuen lur publikotik ere bota nahi izan gaitu. Ez ditu baliabideak eskas izan: auziak, isunak, hezkuntza arduradunei presioak, frantses administrazioari ikastola isteko eskaerak, haurrak urik gabe uzte mehatxuak, babes hesiak kentzeko mehatxuak eta argindarra mozketa negu hastapenean. Bere kontseiluko hautetsiak tirokatzeaz ere mehatxatu ditu, landutako aterabide proposamen orori bere betoa ezarrita.
Eztabaida bizia ukan dugu ikastoletan. Auzitegiak ezarritako isuna ordaindu behar ote genuen edo erresistentzian sartu? Lurra erosi ala ikastola itxi?
Ez dira erabaki errazak izan. Baina hala ere aitzin egitea erabaki dugu. Euskara galtzen ari den 6 000 biztanleko Lapurtar herriak, ikastola bizirik izaitea beharrezkoa da.
Ez dut iruzkinik eginen beste garai bateko auzapez horren jarrerari buruz. Guy Poulou laster joanen baita, baina Ziburun ikastolak segituko du. Eta segur izan, lehen urteetan ikastola eremu pribatuan izanen bada ere, luze gabe Ziburun ikastola eraikuntza publikoetan izatea lortuko dugula.
Aldiz aipamen berezia merezi duzue, laguntza ekarri diguzuen guziek. Izan manifestaldira etorriz, izan dirulaguntza emanez, izan sustengu morala emanez. Aipamen berezia ere, nola ez, Ziburuko Kaskarotenia ikastolako buraso eta langileendako. Zuen borroka eredugarria izan da. Eman diezaigun merezi duten txaloa Ziburuko buraso eta haurrei!
Hendaian eta Beskoitzen iaz, Ziburun aurten. Baina nola gerta daitezke oraino halako gauzak XXI. Mendean ?
Argi da, ikastolendako lege babesik ukanen ez deno, Euskara ofiziala izanen ez deno, ekaitz gaixtoen arriskuan izanen garela. Baina Ziburuko arrantzaleek dakiten gisan, enbata gaixtoaren ondoren helduko da barealdia. Heldu den ikasturtean hiru ikastola berri idekiko ditugu. Azken urteetan Bidarten, Beskoitzen edo Ziburun 3 haurrekin hasi baldin baginen, hiru ikastola berriak indartsu hasiko dira. Sei haur Biriatun, 8 Basusarrin, eta 12 Azkaraten.
Heldu den ikasturtean, berriz ere aurten baino 200 ikasle gehiago izanen ditugu ikastoletan. 3 200 ikasletik 3 400 ikasle baino gehiagora eginen dugu jauzi. Ama ikastolatik lizeoraino kolegiotik pasatuz, Ikastola guzietan izanen dugu hazkundea berriz ere.
Azken 10 urteetan bezala, hazkundearen 10etik 8 ikastoletara joanen da. Sos mikorik ez dugu, baina ikastolen urrezko aroan sartuak gara. Euskarak ondoko urteetan izanen duen garapenaren hastapena besterik ez baita.
Miarritzen eraikiko dugun lizeoaren azken xehetasunak lotzen ari gara. Miarritzeko herriko etxeak gure esku ezarri duen lurrak akzesibilitate problema batzuk pausatzen ditu. Baina badakigu Miarritze, Bidarte eta Baionako auzapezak gaia eskutan hartu dutela aterabide bat atzemateko ondoko egunetan. Lizeoaren proiektuan Alain Rousset Akitaniako lehendakaria bereziki eskertu nahi dugu gaur, proiektua aitzinatzeko eman digun laguntzarengatik.
Ez da miraririk, eguneroko lana baizik. Hemen zaudeten guztiei esker, eta kanpoan diren guzier esker heldu da Seaska hein horretara. Ez dugu deus gehiago itxoiten Pariseko ele ederretaz. Euskaldunak deabrutzat gaituzteno ez bada deus lortzerik, egin dezagun guk. Gure esku dago.
Ildo horretatik, ondoko asteetan bi erronka nagusi ukanen ditugu.
Lurralde Kontratu berria
Batetik Lurralde Kontratua. Euskararendako salto kualitatibo eta kuantitatiboa ekarri beharko du Lurralde Kontratu berriak. Ez dugu itxurakeririk onartu behar eta onartuko ere. Lurralde Kontratua, Euskararen aldeko Kontratu Sozial berria izanen da, ala ez da izanen. Hautetsi jaun andereak, badakit ados zaretela. Baina ez da aski ados izatea, denen artean lortuko dugu. Pakto berri hau egin behar dugu euskararen alde… Gurea eginen dugu… zuena bete !
Herriko etxeak etorkizun instituzionalaz galdezkatuak
Bestetik ere, laster Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoako herriko etxe oro galdezkatuak izanen dira Ipar Euskal Herriaren etorkizun instituzionalari buruz. Euskalgintzako ordezkariondako, ez da duda izpirik. Elkartuz azkarrago izanen gara, geroz eta urrunago doan eskualdeko eta Pariseko botereguneen aitzinean. Ipar Euskal Herrian instituzio bat eta bakar bat, Ipar Euskal Herri osoa ordezkatuko duena izatea, euskararendako onuragarri baizik ez da izanen.
Hemen gauden guzien lana izanen da ere, hautesien artean interes orokorrak gaina hartu dezan, interes pribatuen aitzinean. Euskal Herriak herri gisa irabaz dezan. Berriz diot, gure esku dago.