1912ko apirilaren 15ean Titanic-a urazpiratu zen Atlantiar Itsaso erdian.
Jende anitz ginen itsasuntzi hartan! Herri ttipi bat bezala ginen, bainan, itsasuntzi baten gainean, ardien gisan tropan.
Bistan dena klase apalekoak ginen, alta, bidai hunek bizi berri baterat ekarri behar gintuen. Gure iragana eta familiak gibelean utzi ginituen, lan berri xerka joaiteko. Erran ziguten joaiten ginen lekuan lana kolpez atxemaiten zela. Berantetsia nintzen.
Dirua aspaldi hasi nintzen baztertzen txartelaren erosteko. Erran behar da kario pagatu nuela, aldiz, segurtatu zaukuten itsasuntzia segurua zela!
Bainan, itsasoa harrotua zen gau batean, gure etorkizunak pentsatsuak ez ginituen aldaketa batzuk pairatuko zituen. Entzuten ginuen azpiko koka kraskatzen eta ura hasi zen sartzen. Denak xifrituak, alde guzietarat mugitzen hasi ziren, bainan, azpiko geletan ginenez, ateratzea urrunegi zen urazpiratzea aintzin heltzeko. Ura fite igaiten zen. Eskaler batzuk atxeman nituen. Ene gibelean oihuak entzuten nituen. Uhainetan itotzen ziren oihuak.
Kanpoan nintzen. Itsasuntzia gure zangoetan desagertu zen. Urean ginen. Ur hotzean. Denak dardaran ari ziren, biziraun nahiz. Oihuka. Marmarikan. Isilik. Ura kalmatzen ari zen. Azkenean, begiak ttipi-ttipi nituela, lanbroaren artetik barku bat hurbildu zitzautan. Norbaitek, han, nunbait eta noizbait, esku bat luzatu zautan eta agindu: “passatemi tuo mano“.
Barkuan igan nintzen eta lokartu. Biharamunean, Italiako zentro batean iratzarri nintzen. Bezperan 400 bat somaliar hil ziren. Bizia xantzik gabe pasa zuten eta azken momentu arte ez zuten xantzarik ukan. Bestalde, erran zautaten aste baten buruan berriz etxerat igorriko nindutela. Berriz haste!”
1912ko apirilaren 15ean Titanic-a urazpiratu zen. 1.500 bat lagun hil ziren, gehienak 3. klasekoak, hots, gizarteko pobreenak.Txartela kario pagatu zuten eta itsasuntziko Bruce Ismay nagusiak, hots, aberats batek, bere burua salbatu zuen, itsasuntzia beregatik urazpiratu zelarik Atlantikoan.
Gaur egun Mediterraneoan berdin da.