
2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbatak. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko. Hilabete honetan, Katixa Dolhare Zaldunbide, Euskal Kultur Erakundeko (EKE) kultur eragileen batzordekidea.
Enbata: Zein dira kulturaren erronkak Herriko Etxe edo Elkargo mailan?
Katixa Dolhare Zaldunbide: Orokorki, Frantzia heinean, bi kultura mota bereizten dira. Alde batetik, kultura jasoa, maiz dirudunendako pribilegio gisa ikusia dena. Kultura mota hori lotua da merkatu kario bati, elite batendako arte obra kontsumoari. Salbuespeneko alortzat hartua da, O. Lecour Grandmaison politologoak La Fabrique du roman national-républicain liburuan aipatzen duen “salbuespenismoaren” mitoari jarraikiz. Bestaldetik, kultura uniformatzaile, merke eta jendetasunik gabekoa ere badago, mundu osoa itotzear dagoena, industria harraparia lagun.
Baina bada hirugarren bide kultural bat ere, gizarte-zientzietan zabalki dokumentatua: kultura herrikoiarena, bizia eta sozialki ekoiztua dena. Pierre Bourdieuk “gizartean kokaturiko praktika gisa ulerturiko kultura” aipatzen du. Kultura mota hori ez da mugatzen ez obra legitimoen kontsumora, ez eta kultura-industriaren produktu estandarizatuetara ere; aitzitik, eguneroko praktiken, harremanen, transmisioen eta engaiamendu kolektiboen bidez eraikitzen da.
Kultura hori herritarrek beraiek daramate, bizitzari eta elkarbizitzari zentzua ematen dielako, pertsonak elkarren artean lotzen dituelako eta iraganeko, egungo eta etorkizuneko belaunaldien arteko jarraikortasunean kokatzen dituelako.
Euskal Herrian, kultura mota hori bereziki bizirik da oraindik. Beste identitate kultural sendoa duten lurralde batzuetan bezala —Korsikan, adibidez, baita Bretainian, Katalunian edo Italiako zein Okzitaniako eskualde batzuetan ere—, kohesio sozialerako, atxikimendu kolektiborako eta etorkizun partekaturantz proiektatzeko faktore indartsua izaten jarraitzen du.
Hor datza, hain zuzen ere, kultura sostengatzearen erronka Herriko Etxe eta Elkargo mailan: kultura herrikoiaren adierazpide horiek laguntzea.
Zer praktika/neurri plantan eman daitezke segidan Herriko Etxe baten mailan?
Espazio egokiak plantan ezarri behar dira, aukera uzten dutenak erakusketa, kontzertu, ikusgarri, mintzaldiak antolatzeko, baldintza tekniko onetan. Herriko etxe baten politikaren ardatz bat izan daiteke euskal kultura sustatzea: bai sorkuntza, bai programazioa, bai praktika. Horretan ari diren elkarteak bereziki lagun ditzake. Ahal du ere berak eskua hartu eta ekitaldiak programatu, adibidez hitzordu nagusietan (Euskararen urtaroa, Euskararen eguna, Korrika kulturala…), edo eskaintza bat plantan ezarri (dantza, musika, bertso klaseak…). Euskal kultur ekitaldiak programatzeko, EKEk “Ibilki” partaidetza proposatzen du, eta kalitatezko eskaintza baten egiteko parada ematen. Gure ustez, eremu horietan oro (sorkuntza, programazioa, praktika) arreta berezia eman behar zaie gazteei: kultur transmisioa lagundu, gazteak antolatzen eta sortzen bultzatu, belaunaldien arteko proiektuak sostengatu.
Horrez gain, euskara eta euskal kultura bereiz ez baitoaz, Herriko Etxeek indarrak eman beharko lituzkete biak beti batera laguntzeko.
Zein lansail anima/jorra daitezke kulturaren arloan kargualdi baten karietara?
Herriko Etxeek eta Elkargoak, kargualdi baten karietara, beren eremuetako elkarte eta kultur egiturak sostenga ditzakete, eta bereziki EKE: ez egitura ofizial bat laguntzearren, baizik eta Iparraldeko eragile kultural gehienak biltzen dituelako eta bere eginbeharretan delako kultur eragileen arteko elkarrezagutza eta elkarlana.
“Herriko Etxeek eta Elkargoak,
kargualdi baten karietara,
beren eremuetako elkarte
eta kultur egiturak sostenga
ditzakete, eta bereziki EKE.”
EKE sostenga dezakete ere kultur ingeniaritzan eta ondare herrikoiaren ikerketan eta balorizazioan gaitasun apartak dauzkan elkartea delako.
Zer erabaki/proposamen/orientazio bultzatu beharko lirateke Elkargo mailan ondoko kargualdian?
Elkargo mailan, Uztaritzen abiatua den kultur bilgunearen proiektua laguntzen segitu behar da, EKE, Herri Soinu eta Bertsolarien Lagunak sare buruek indarrak batera ditzaten, eta dinamika azkarra sor dezaten elkarrekin, Iparralde osoan eragiteko.
Elkargoak kultur politika anbiziotsua ukan behar du, artista profesionalak, bereziki, sostengatzen segituz, beste erakundeekin eta EKErekin partaidetzan.
Bestalde, Herrien mailan bezala, Elkargoak hizkuntza eta kultura beti elkarrekin lagundu beharko lituzke.
Azken hitz bat irakurlea sentsibilizatzeko, 2026ko hauteskundeetan hautu argia egiteko unean, aitzinean eman dituzun parametro horiek kontuan hartzeko premiaz?
Euskal kultura, hizkuntza bezala, errazki baztertua edo ahantzia izan daiteke, abiadura handian ibilki den gure munduan. Alta, beharrezkoak ditugu jakiteko nor garen, gure ingurukoekin lotuak egoteko eta jendarteari orientazio baikorra eskaintzeko.
