Urtero bezala PAF (Pour une Alternative Féministe) elkarteak bere herri unibertsitatea antolatzen du. Aurten, generoari buruz ariko da. Datorren larunbatean, abenduaren 7an, Baionako IUT-an “Genero, sexu eta gorputzei buruz hizketan” hitzaldia emanen du pedagogian eta antropologian lizentziatua den Miren Guillo Arakistain-ek. Ikuspegi antropologiko eta feministatik abiatuz, genero harremanak eta gorputzen arloan dabilen ikerlariak hitzaldian jorratuak eta sakonduak izanen diren gaiei buruz argitasunak eskaintzen dizkigu.
Zertaz ari gira, generoaz, sexuaz eta gorputzaz ari girelarik?
Hasiera batean, elkarren artean harremantzen eta determinatzen gaituzten elementuak dira hauek. Kontua da, nola gurutzatzen diren/gaituzten irakurtzea. Beraz, ariko ginake munduaz, jendarteaz, instituzioez, harremanez, botereaz, gutaz… eta finean, nola gorpuzten dugun hori dena. Gu, (sexudun) gorputzok ulertzeko moduaz, eta gure arteko harremanak (eta botere-harremanak) ulertzeko moduez ari gara, zeharkatzen/gurutzatzen gaituzten aldagai eta esperientzietan pentsatuz. Horregatik, kontzeptuon esanahietan eta eztabaidetan pentsatzeko tarteak hartzen ditugunean, mundua ikusteko, sentitzeko eta eraldatzeko moduez ari gara: gure praktika feministan erabiltzen ditugun kategoriak ulertzen eta deseraikitzen lagun gaitzake, dikotomia zurrunetatik haratago, genero sistemaren konplexutasuna ulertu nahian.
“Kontzeptuon esanahietan eta eztabaidetan
pentsatzeko tarteak hartzen ditugunean,
mundua ikusteko, sentitzeko
eta eraldatzeko moduez ari gara”
Nola ulertu generoaren gaiak gaur egungo jendartean sortzen duen eztabaida ? Esentzialismoak agintzen du sexu bati genero bat lotzea eta…
Galdera hau gainera uste dut oso desberdina dela Frantses edo Espainiar estatuko pentsamenduen tradizioan… Nolabait esateko, mendebaldeko jendarteetan, itxuraz eta fenotipoen arabera, sexu zehatz bat egozten diegu gorputz orori, eta interpretazio horretatik egozten dizkiogu beste hainbat ezaugarri sozial ere. Hori dela eta esaten da sexu bati generoa egozten diogula, hau da, egitate biologiko bati ezaugarri sozialak. Baina bai sexua eta bai generoa, dena litzateke soziala, edozein kategoria eraikitzen dugunean posizio zehatz batetik egiten dugulako, garai eta testuinguruko pentsamenduaren baitan. Eztabaida interesgarriak daude kontzeptu hauen bueltan, eta horrek gure gorputzak ulertzeko moduan, gure praktika erreflexiboetan, etengabeko berformulazioak egitera garamatza ezinbestean.
“Bai sexua eta bai generoa,
dena litzateke soziala,
edozein kategoria eraikitzen dugunean
posizio zehatz batetik egiten dugulako,
garai eta testuinguruko pentsamenduaren baitan”.
Zer bide badira horrelako gaietan herritarrak ulermen gakoak eskuratzeko eta ez jakintasuna ttipitzeko?
Nik uste ulermen gakoak etengabeko analisitik etor daitezkeela ezta? Betaurreko lilak jartzen ditugunean, saiatzen garenean egiten dugun hori leku desberdinetatik ikusten kaleidoskopioa bailitzan, bakoitzak bere eremutik, lasai autokritikoak izanez, (kontraesan propioen korapiloek erakusten digute munduaz), eta noski, kolektiboki hausnartuz, trebatuz.
Genero harremanak eta Gorputzen arloan ikerketan ari zira, ikuspegi antropologiko eta feministatik abiatuz. Gai horretan ikuspegi horrek zer ekartzen digu?
Antropologia feministak unibertsaltzat genituen prozesuak garai desberdinetan eta leku desberdinetan aldatzen direla erakutsi izan du aurkikuntza etnografikoen bitartez, eta hortik abiatuta, dekodifikaziorako hainbat gako ematen dizkigu: ikuspegi etnozentrista, biologizista edota esentzialistei adi egotea kasu. Feminismoak, noski, bertan emandako teoria, praktika eta eztabaida aniztasun horren bitartez, izugarri laguntzen digu mundua bazterretatik ulertzen, ikuspegi kritiko bat izaten eta bai pertsonalki (pertsonala politikoa da lelopean) eta bai kolektiboki berau eraldatzen, denontzako justuagoa izango den jendarte baten bidean.
Gaia sakontzeko beste aholku edo gomendiorik?
Pentsatu, trebatu, elkar entzun, hausnartu, korapilatu, trebatu, irakurri, behatu, maitatu, gozatu… eta ekin.
“Feminismoak, izugarri laguntzen digu,
mundua bazterretatik ulertzen, ikuspegi kritiko bat izaten,
eta bai pertsonalki eta bai kolektiboki berau eraldatzen,
denontzako justuagoa izango den jendarte baten bidean.”
Herri unibertsitateari buruzko xehetasun guziako lortzeko, klika hemen www.pourunealternativefeministe.org edo behereko irudian :