Sortu ginen.Ikasi ginuen ibiltzen. Ikasi ginuen mintzatzen. Ikasi ginuen ikasten. Ikasi ginituen manera onak. Ikasi ginuen sukaldatzen.
Momentuko, sortzeko eskubidea bada mundu huntan. Ez da gaizki, hala ere, gure planeta gain-populazio batera doala dirudi eta errekurtsoak ez direla araberakoak izanen. Malthus batek teoria sinplea atera zuen: bizi-baliabideak falta badira, populazioa behera doa.
Hazten hasi ginen, bainan, gure lehen loen gordeleku izan zena lanjerrean dago: Seaska.
Gero ikasi ginuen ibiltzen, bainan, batzuentzat dohain hori zoritxarrekoa atera zaie Behobia-Donostia lasterkaldian.
Ondotik, mintzatzeko ahala ahal bezainbat baliatu nahi izan dugunez, komunikazioa landu ginuen, ideiak murgil zitezen. Bainan, hortan ere Ateak Ireki-ri hetsi zazkoten, Herriraren adar bat izaitea akusatuz.
Komunikazioarekin adixkidetasun eta laguntza sareak sortu ginituen. Sarea ilegalizatu dute. Ikasi ginituen ideiak argirat ekartzeko bada lan.
Katalunian, kontsulta ezinezkoa dela dio Españak, soberania, español populu guziaren gainean delako Konstituzioaren arabera. Nahiago dute Kontsituzio hori errespetatu -intersatzen zaizkien lerroak sustut -, demokratikoki ibiltzea baino, erran nahi baitu, Kataluniako gehiengoaren xedea sustengatzea baino. Ikusiz zonbat konstituzio idatzi dituzten XIX. mendearen hastapenetik, ez dut pentsatzen arlo konstituziogilean oraindik perfekzioan diren eta uste dut beste bat idazten ahal dutela, haien legedien kolekzioan sartzeko.
Bainan, manera onak ikasi ginituen, eta batzuek soberaniaren bozka estatu españolaren oniritziaren arabera egin nahi dute. Amaren baimena behar dute oino haien baitatik erabakitzeko. Ze heldutasun froga! Nahiz eta tramankulu bat den Katalunia ez independizatzeko. Liberalismoaren hasierako garaietako ideia arkaikoak dihardu: zentralismoa!
Euskal Herriko Baxe Nabarre, Xiberu eta Lapurdi probintzietan hori ezagutzen dugu! Geografikoki puzlea osatzea gero eta errexago da, piezak murrizten ari diren gune batean. Erdiko pieza nagusiak besteak kontrolatu nahi ditu. Bainan, ikusiz nola etorkizuneko perspktiban, gobernu eta presidenteak usu aldatzerat pasako diren, nago ez den hobeki errege baten ezartzea, ideiak puntaraino eremaiteko… ez hala ere!
Bukatzeko, bizitzako eguneroko gauzak ikasi ginituen, sukaldaritza bezala. Duela bi urte lau lagunek hain ongi prestatu zuten biskotxa Barcinaren gainerat bota zakoten. Orain guttienez 4 urteko presondegia galdegiten zaie! C’est le gâteau sur la cerise! Hexurrezko bihotza duen gerezia!
Zinez handitu ginen?