Plazerraren indarra par Jakes Bortayrou

PrintFriendly and PDF

Borroka luzeen jarraitzeko motibazioak hauspoa behar du. Borrokalarien nahikaria indartsua izan behar da. Jende edota multxo sozial batzuen in-teres objektiboak inportanteak dira bai eta sentimenduak ere. Haserrea edo beldurra izan daitezke batzuetan mugimendu kolektiboak piztu eta elikatzen dituztenak. Bainan luzaran bestelako bizipenak ere ezinbestekoak dira: poza edo plazerra adibidez. Eta hauxe da oroz gainetik euskaltzale guziei bi urtero korrikak ekartzen dizkiena.
Hamazazpigarren edizioa amaitu berri den unean eta antolatzaileek eginen duten bilan sakon eta zehatzagoa aparte utzirik, bide bazterretan ikusi edo bukaera egunean entzun denagatik, betiko “magia” funtzionatu dela erran daiteke. Antzeko bizipen kolektibo indartsuak beste nunbait atxeman daitezke: manifestaldietan, mitinetan, kontzertu erraldoi nahiz intimistetan ere. Halere, nehork ez du ukatuko euskararen aldeko lasterkaldiak emozio iturri oparo eta agortezina bilakatu dela, dituen ezaugarri bereziengatik. Edizioz edizioz errepikatzen bada ere, aldi oro desberdina da eta lelo, irudi nahiz kantu berriek ekitaldi bakoitzari emaiten diote haren berezko kutsua.
Ekitaldiak hamaika aurpegi baditu. Orduz ordu berdintsu iragaiten bada ere, giro ar-runt desberdinak eta araberako emozioak sortzen dira gauaz edo egunaz, hirian eta baserri munduan, eguzkipean ala euripean. Bestelako ekitaldiekin gertatzen denaren alderantziz, jendea ez doa ekitaldira. Ekitaldia doa jendearengana, parte hartzaileak herriz herri bilduz eta berriz pausatuz bide bazterrean. Halaber, parte hartze aktiboa ezinbestekoa da, bakoitzak nahi duen eta posible duen heinean. Korrika ez da ikuskizun bat, ekintza bat baizik. Denak aktibo, denak beharrezko. Iraupenak ere badu be-re garrantzia, norberak hautatzen ahal baitu gustukoak dituen lekuak eta momentuak bizitzea, bukaera erraldoia iritsi arte. Sinbologia azkarra badu korrikak, antropologo batzuek ikertu dutena. Lekukoaren transmisioa, barneko mezu sekretua, ibilbidea aitzinatu ahala, egunez egun euskararen herria agertaraztea, ahantzi gabe kilometroen etengabeko kateak sortzen dituzten elkartasun eta erantzukizun handia: jende askok nirekin, gurekin kontatzen dute, nik, guk besteekin kontatzen dugun bezala, ekitaldia behar bezala iragaiteko eta helmugara iristeko.
Hizkuntzaren berreskurapen borroka luze honetan arlo guzietako euskaltzale ororen arma indartsua da korrika. Konzientizazio tresna zorrotza eskaini, lanean jarraitzeko oxigenoa eman, eguneroko lanari zentzua ekarri eta indartsuago izaiteko sentsazioa sustatzen du. Ez baita gutti eta beharrezkoa baita. Alabainan, hizkuntza borrokak, aldarrikapen borroka izaiteaz gain (podere eta administrazioari ezagupena, neurriak eta baliabideak eskatu), egiazko iraultza kulturala ere du helburu: hizkuntza ohiturak eta jarduerak aldatu. Duela mende erdi bat pasa, holako aldaketa gertatu zen er-dararen fagoretan. Alde batetik jendeari bortizki inposatua izan zitzaion eta bestalde irudi modernoago eta desiragarria lortu zuen hizkuntza bereganatu nahi izan zuten herritar frangok. Euskararen aldeko hizkuntza jarduera aldaketa aldiz, korrontearen kontra doa. Inertziaren indarra du etsai. Euskaldun orok eta bereziki euskara ikasi eta mintzatzen hasi den euskaldun berriak horren berri badu, euskara komunikazio tresna bilakatzea lortzearen plazerra dastatzen duen bezala. Plazer horri esker lotsak eta trabak gainditzen dira askotan. Korrikak ekartzen digun plazerrak euskalakari izaiten segitzeko indarra eman diezagun!

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak