Harridura eta poza, kezkak eta amaigabeko galdeak. Bai eta ikara ere, lerro horiek idazterakoan Libiatik heldu zaizkigun berriak ikusirik. Sentimendu eta gogoeten nahaste-borrastea, 2011ko lehengo hilabete hauetan Arabiar munduko herrialdeetan historiaren orri garrantzitsua idazten ikusten ari garen bitartean. Ekonomia, soziologia eta historiako adituek iraultza horien kausak eta sustrai sakonak aztertzen hasi eta gako nagusiak laster eskainiko dizkigute. Bainan abiadura handia hartzen duelarik, historiak bere misterioaren parte bat atxikitzen du beti.
Tunisia, Egipto, Yemen, Bahrein, Libia, Algeria, egoera desberdin horietan ezaugarri amankomunak ageri dira: espontaneoak izan dira jazarpenak eta nehork ez ditu hasieratik bederen kontrolatu, gehienetan oposizioko indar politiko eta sozialak errepresioagatik erabat ahulduak baitira. Askotan gazte eskolatuen aldetik etorri da pindarra eta komunikazio teknologia berriak, interneteko baliabideak estrategikoak izan dira jazarpenak hedatu eta koordinatzeko bai eta erregimen kontrol politiko nahiz ideologikoa gainditzeko ere. Armadaren paper anbiguoa bezain erabakigarria azpimarratzekoa da, manifestaldi jendetsuak ez daitezen sarraski bihur (Li-bia salbuespena ote?).
Mundu osoan zehar justizia eta askatasunaren gosez diren herrietan berehalako oihartzuna izan dute Tunisia eta Egiptoko iraultzek. Hamar egun barne Tahrir plaza sinbolo unibertsala bilakatu da eta askorentzat “dégage!” aditza, arma zorrotza. Muga kultural guzien gainetik iraultza horien oihartzuna munduaren itzulia egin du beren osagai sozial, demokratiko eta nazionalek historia luzeko triptiko sendoa osatzen dutelako. Populu bakoitzaren historian antzeko gertakari erreferentzialak existitzen dira. Eta bestalde gaurko egunean, sistema kapitalistaren krisiak bizipen berdintsuak (proportzio desberdinetan halere) sortzen ditu planetaren xoko moko guzietan eta bizipen horien kontzientzia ere zabaltzen da, mugimendu al-termundialista lekuko.
Azken hamarkadetan izoztua zen egoera geopolitikoan lurrikara gertatu da et goizegi da abiatu den tsunami politiko horren ondorio guziak neurtzeko. Noraino joanen den, zein emaitza izanen duen, ezin da erran, baina haustura markatzen duela ezin uka. Berlineko murruaren erorketarekin parekatzen hasi dira batzuk. Kolonialismo fasearen bukaeran esperantzaz beterik sortutako erregimen politiko berriak luze gabe autoritarismoan erori ziren, ustelkeria eta nepotismoa nagusitu zirelarik. Mendebaldeko potentziek aho beteka defenditzen dituzten printzipio demokratikoen zangopilatzea onartu zuten, interes ekonomiko estrategikoengatik lehenik, ondotik diktatura horiek islamismo politikoaren kontrako hesiak izaiten ahal zirelakoan eta are gehiago “terrorismoaren” kontrako mundu mailako gerlan aliatu fidelak bilakatu zirelarik. Edota Libiako kasuan bezala, Europara buruzko immigrazioaren kontrolatzaile zorrotzaren funtzioa betetzen zuelako. Zein izanen dira mundu globalizatuko arabiar herrialdeetan balizko Estatu demokratiko berri batzuen kokapen politikoa eta papera? Zein eragin Israel-Palestindar gatazka luzean?
Geroari begira populu arabiar askatuei hoberena opatzen badiegu ere, zaila izanen dute arazoen korapiloa askatzeko. Sistema demokratikoa xutik ezartzea ez da lan errexa, jendarte zibila poderearen aparatuetarik kanpo antolatua ez delarik. Arazo soziala larriago da oraino. Langabezi masiboak sorturiko etsipen sozialak Europako herrietara benetako ihesaldiak eragiten ditu, azken egunetan ikusi ahal izan dugun bezala. Argi da indar sozial batzuek diktadore ustelen kontra jarri direla beren funtsezko interesak zaintzeko. Aberastasunen banaketa justuago bat hain errexki onartuko dute? Bertako ekonomian eragile nagusia den Egiptoko armadak grebak gelditzeko bota dituen mehatxu gogorrek pista bat emaiten digute.
Sekulan baino beharrezkoago da munduaren bestelako antolaketa. Eta aspaldidanik aipu den finantzaren gaineko tasa urgentzia handikoa da, sistemaren funtsezko aldaketa ekartzen ez badu ere, garapen jasangarriaren alde eta pobreziaren kontrako baliabideak mobilizatuz, herri iraultza horien laguntzeko.