Ez da besterik aipatzen azken egun hauetan: Frantziak lehiakortasun txoke bat behar omen du bere ekonomia sustatzeko. Lanaren kostua apaldu beharko litzateke, frantses enpresek merkatu kuotak irabaz ditzaten. Nola? Nagusien kotizazio sozialak tipituz alde batetik, irabazi eskasak CSG edota BEZa (TVA) emendatzearekin orekatuz. Alta aldarrikapen horren gibelean, akziodun eta klase dominanteen egiazko ofentsiba so-zio-politikoa garatzen ari da.
Frantses enpresek eta oro har frantses ekonomiak merkatu kuotak galdu dituztela errealitate ukaezina da bainan honen arrazoinak ez dira ekonomialari neoliberalen azalpenak bezain sinpleak: frantses esportazioak tipitu dira frantses sariak goregi direlako eta ondorioz produktuen prezioak karioegi. Alta Europako herri desberdinen prezio-lehiakortasuna konparatuz gero, zera ageri da: espero daiteken lotura alderantziz ibiltzen da. Hots azken 10 urteetan batzuek prezio-lehiakortasuna atxiki (Frantziaren kasua) edo hobetu ba-dute ere, merkatu kuotak irabazi ordez, galdu dituzte. Sarien eboluzioa eta merkatu kuoten arteko erlazioa ez da inondik inora frogatua eta enpresa nahiz lurralde baten lehiakortasunaren definizioak berak amaigabeko eztabaidak pizten ditu. Lanaren kostuaren apaltzea aldarrikatzeak ez du beraz oinarri ekonomiko objektiborik. Are gehiago ekonomialari batek baino gehiagok lanjer handia ikusten dute proposamen horretan. Lanaren kostuaren ti-pitzea, denek ordaintzen dituzten tasa batzuen emendazioarekin orekatzeak po-pulazioaren eroste ahalmena murriztuko luke eta jadanik frango emeki doan aktibitate ekonomikoa oraino gehiago frenatuko luke.
Zergatik hainbeste zalaparta beraz? Lehiakortasun leloa ez da gaurkoa eta Europa osoan kurri da, europar komisioak bultzaturik, enpresa handietako lobbyen babesarekin. Herri guzietan krisia gainditzeko aterabide gisa aurkeztuak dira errezeta berdinak: BEZa igo, kotizazio sozialak murriztu, zuhurtasunezko neurriak aplikatu. Krisiak gehien jo duen Grezian helburua ezin argiago da: finantziar kapitalaren interesak segurtatu jende gehienen irabazien parte bat xurgatuz. Bizi dugun krisia garaiek sistema ekonomikoaren logika azalarazten du, agerian utziz klase sozial desberdinen interes antagonikoak. Gaur egun ikusten ari garena, enpresa buru handiek aldarrikatzen dutena, ekoiztutako aberastasunen banaketan klase menperatzaileen interesen defentsa sutsua baizik ez da. Sozialistak poderera iritsiz ge-ro, den mendreneko zuzentasun sozialaren aldeko neurriak oztopatzeko edo mugatzeko mobilizazio orokorra deitua dute dirudunek. Horretarako ez dira falta banku edo multinazionaletako administrazio kontseiluetan ibilki diren ekonomialari “jakintsuak” egunero prentsa idatzian, irrati eta telebistan problema zer den eta aterabideak zein diren luze zabal esplikatzen dizkigutenak. Sasi-zientzia ekonomikoaren izenean klase kapitalisten programa politikoa inposatu nahi dute, eguraldia bezain saihestezina litzatekeelakoan.
Noiz arte jasan beharko dugu haien propaganda hutsa? Nolako indar harreman soziopolitiko sortu klase dominanteak gibelarazteko? Nola irabazi aterabide sozialki zuzenak krisi garai luze eta nahasi honetatik? Hauxe dugu gaurko erronka gogorra. Lehen urratsa desintoxikazio ideologikoa da. Ez ditzagun gehiago irents egunero entzuten ditugun diskurtso ekonomiko faltsuak. Ez dezagun gehiago onar inposatzen dizkiguten pentsamolde ereduak, mugarri “objektiboak”. Ekonomia betidanik eta betirako ekonomia politikoa besterik ez da. Hots jende edo sektore sozial konkretu batzuek harturiko erabaki konkretuak in-teres konkretu batzuen fagoretan. Herri eta klase menperatuen interesak deplauki eta lotsarik gabe aldarrikatu behar dira, akziodun eta klase menperatzaileen interesen kontra.