Gauza jakina da Zuberoatik datorren trajeria / pastoralak Ongiaren eta Gaizkiaren etengabeko borroka antzezten duela. “Ongia” eta “Gaizkia”, asmakizun judeo-kristauak omen. Alta bada, katoliko naizenez egoki zaizkit. Hiztegi kontua baizik ez baldin bada, lasai: Spinozak sentimendu “Baikorrak” eta “Ezkorrak” aipu ditu, Freudek aldiz “Eros” eta “Thanatos”, gutarik bakoitzaren baitan etengabe diharduten bi indar nagusien arteko borrokaren adierazle.
Hitz polemikoak apur batez bazter utzirik, munduari so egiten badiogu aitziniritzi barik, ikus dirogu populuen ibilaldian dikotomia dialektikorik agertzen dela indar bikote nagusi zenbaiten artean, dela klarki, dela ez idurian, hala nola kapitalismoa eta sozialismoa, produktibismoa eta ekologia, kolonialismoa eta nazio askapena, tirania (fazista edo bestelakoa) eta demokrazia, arrazakeria eta orokortasuna, matxismoa eta feminismoaren artean, eta horretan bukatzen ote da zerrenda? (...)