Urkullu planaren suspentsioa

PrintFriendly and PDF
Xabi Larralde
Xabi Larralde
Ekonomia erakasle, Sortu-ren bozeramaile.
Beste artikulu batzu
Ortuzar, Urkullu eta Mendia gobernu ituna ospatzen.

Ortuzar, Urkullu eta Mendia gobernu ituna ospatzen.

Zein ondorio izan ditzake EAE ko politikagintzan Katalunian 155. artikulua erabiltzeak? EAJk Madrilen PP-rekin eta EAEn PSOE-rekin dituen itunen geroaz aitzin-ikuspegi batzuk marraztuz gaia sakondu dezagun.

Franco hil denetik Espainiak ezagutu duen krisirik larriena bizitzen ari gara Kataluniako gertakariekin. Honen aitzinean, Madrilgo gobernuaren erasoa biziki bortitza bada ere, bere eraginkortasuna hainbat galderei baldintzatua da.

Hasteko, gobernu espainolak 155. artikulu famatua nola lortuko du indarrean jartzea? Nolako erreakzioak eraginen ditu jendarte zibilaren partetik ? Kataluniako instituzioen behin-behineko indargabetzeak abenduan Madriletik konbokatuko  hauteskundeekin bukatu beharko luke. Baina nola pentsatzen ahal da erabateko salbuespen egoera bat martxan jarriz gero, hiru hilabete berantago, PPren gobernuak deitu hauteskundeetatik normaltasun “demokratiko” berri bat eraiki daitekeela?

Hortaz, Madrilek daukan ibilbide-orriaren muga agerian uzteko politika-fikziozko hipotesi bat egin genezake: era inposatuan antolatu daitezken hauteskunde horietan indar independentistek parte-hartzeko erabakia hartzen balute, balizko parlamentu berri horretan gehiengoa berriz erdiesteko aukera handiak lituzkete. Kasu horretan, nola kudeatu arazoa? 155. artikulua berriz indarrean jarriz? Edo “prebentiboki” Kataluniaren independentzia aldeko bozka-zerrendak ilegalizatuz?

Eskema zahar-berritua

Funtsean, 155. artikuluaren erabilpenak sortuko duen egoerak zer ekarriko duen zehazki marraztea zaila da.

Baina bai, Kataluniako autonomiaren indargabetzeak ikaragarriko ondorioak izanen dituela segur, eta tartean, Euskal Herriko egoera ere eraldatuko duela, besteak beste nere ustez, Urkullu plana suspentsioan jarriz.

Urkullu plana”ren aipamenarekin zertaz ari gara?

Plan hori kokatzeko, azken urteetako kronika ber-gogoratu behar da.

Oroituko garenez, Lizarra-Garaziren biharamunetan, Juan Jose Ibarretxeren plana 2004ko abenduan bozkatua izan zen Gasteizko parlamentuan. Hilabete batzuk lehenago, 2004ko urtarrilean, Josu Jon Imazek Xabier Arzallus-n segida hartu zuen EAJ-ren lehendakaritzan, barne kongresuaren bozkak doi irabaziz Joseba Egibaren kontra. Hortik, Juan José Ibarretxek bigarren agintaldi bat egin zuen, 2008a arte iraun zuena. Eta, Loiolako negoziaketen ostean, berriz gauzatu zen Ezker Abertzalearen ilegalizazioaren eraginez, Patxi Lopezek Lehendakaritza hartu zuen 2009an. Josu Jon Imazen hautaketaz geroztik jada (nahiz eta orduan Ibarretxe lehendakaria izan), EAJren zuzendaritzak Lizarra-Garaziren garaian gauzatu zen abertzaleen arteko batasunaren ildo politikoa baztertzea erabakia zuela azpimarratu behar da. Honen ordez, eskema zahar-berritua hartu zuen lan-ardatz gisa : Madrilen poderean den alderdiarekin Estatu-hitzarmen berria eraikitzea, honen trukean Gernikako Estatutuaren berrespena eta eskumen berri batzuen transferentzia erdiesteko.

Aitzin-ikustea zaila

Eskema hortatik bistan dena, erabakitzeko eskubidearen aldeko borroka, eta burujabetzaren aldeko aldarrikapena erabat baztertuak dira. Eta, EAE-ren lehendakaritza hartu duenetik, Iñigo Urkulluk bere egin-ahal guziak egin ditu plan hori gauzatu dadin. Azken hauteskunde autonomikoen ondotik, EH Bildu-ren erabakitzeko eskubidearen defentsan oinarrituriko elkar-lan proposamena baztertu eta, PSErekin gobernuakordioa egitea nahiago izan du.

Ondotik, PPrekin negoziaketak ideki eta kontzertu ekonomikoaren inguruko adostasun baten trukean, M. Rajoy-ren aitzinkonduak bozkatu ditu joan den maiatzean. Orain, 155. artikuluaren erabilpenak Kataluniaren kontra Urkullu bere planaren jorraketan inpas batean kokatzen du. Lehenik eta behin, EAJ-k M. Rajoy-ren aitzinkonduak ezingo ditu berriz bozkatu, eta PP-rekilako elkarrizketa-giroa ozpinduko dela pentsa daiteke. Bestetik, PSOE-k 155. artikulua baliatzea babesten du erabat. Eta okerrago oraindik: honen gauzapenaren kudeaketan parte-hartuko du Senatutik. Guzi hortaz zer iritzi du PSE-k? Kataluniaren kontrako erasoan bere alderdiak Madriletik asumitzen duen erantzukizuna babestu badu, nola ulertu EAJ-k berekin daukan gobernu akordioa mantentzea?

Beraz, erran bezala, ondoko aste eta hilabeteetan zer gertatuko den aitzin-ikustea zaila zaigu, baina dakiguna da agertoki politikoa gogorki astindua izanen dela.