Terroristak eta terroristak

PrintFriendly and PDF
Andde Sainte-Marie
Andde Sainte-Marie
Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia.
Beste artikulu batzu
Terroristak&Terroristak

Daech eta Boko Haram-ek atentatuak 2015tik geroz…

Atentatu bakoitzaren ondotik gaitzespenak eskualde guzietatik datoz. Berrikitan Bartzelonan gertatua lekuko. Bainan, zer balio dute gaitzespenek basakeria horien zergatiak ez badira molde egokian aztertzen ?

Pariseko atentatuen ondotik eta hainbat politiko edota instituzioen salaketa mota ezberdinak irakurri eta, Facebookzale batek hauxe idatzi zuen: “Prentsak orokorrean salaketa deklarapeneri bezain bat denbora dedikatzen balu Daeshen izaite arrazoineri, bestelako begirada ginuke funtsari. Beti errepikatzen daukute zer iragan den, sekula kasik ez zertarako eta oraino guttiago nor izaiten den (pluralean) gisa hortako sarraskien gibelean…” .

Idatzi hori agertu bezain fite alabainan beste Facebookzale batek erantzun zuen gisa hortako komentarioek Daeshen atentatuak eta hauen egileak justifikatzen zituztela, ez zuela orroimenik biktimentzat.

Ni ez niz berezitua geopolitikan, terrorismoan edo Daeshen, bainan beldurrik gabe entseatzen niz jakiten eta miatzen prentsak orokorrean mikroak beteka irentsarazi nahi daukutena baino haratago.

Eta gehiago ulertzen entseatzea ez da delitoa. Gehiago ulertzea eta gertatutakoeri beste begirada bat emaitea ez da neretzat ekintza faxista horiek guziak burutzen dituztenak justifikatzea edo babestea, gauzak argi izan daitezela.

Bainan gertatzen da ainitzetan ebidentzia hori aldarrikatzea akigarri bilakatzen dela ikusiz zer nolako indarra eta efikazia duten matrakatze mediatiko izugarriek, beste gisako ikusmoldeak miniskuluak eta entzunezinak bilakatzeraino.

Eta hementxe nago idazten ondorioz, buru barneko kontradikzione ainitzeri buru eginez, bainan nere baitarik soilik ikuspegi orokor bat adostu nahian.

Fundamentalismoaren iturburuak aztertu behar dira

Ez, ez dut nehor utziko erraiterat “beste” ikusmolde bat ukaiten entseatzeak terroristak justifikatzen dituela.

Lehenik “terrorista” hitza bera agian matizatu behar litaike, sentsu arras zabala izaiten ahal baitu. Terrorea hedatzea ez da soilik armen edo lehergailuen bidez burutzen, baizik eta ere errepresioaren, torturaren edota funtsezko giza eskubideen zangopilatzeen bidez ere.

Bainan, baita ere forma subtilagoen bitartez, izan politika aplikapen jakin batzuen bidez edo baita neurri ekonomiko salbai batzuen bitartez ere, zoinek planeta hunen ehun milaka herritar uzten dituzten jatekorik, lanik edo gerorako perspektiba izpirik gabe.

“Krisia” globalizatuaren biktima zuzen edo kolateralak… Ez, ez dugu konformatu behar soilik prentsak irentsiarazi nahi daukun “zer” pasatzen denarekin. Hortik haratago joanez entseatu behar ginuke barnatzerat “zergatik eta nor” dagon gibelean.

Europan edo munduan hedatu nahian den fundamentalismo islamiarraren iturburua nundik dator xuxen? Zergatik orain edo azken urte hauetan ari du garrantzia hartzen?Bekatu ote da galdetzea zergatik “Okzidentearen” interbentzio militar kasik guziak, izan Afganistanen, Iraken edo Libian, beti izugarriko kaosak leku horietan gai ezartzeko izan diren? Eta ez hori bakarrik, interbentzio militar horiek bakarrik balio izan dute Ipar Amerikar enpresa haundi batzuk, arma industriatik hasita eta obra publikoetaraino sarraskitu hiriak berreraikitzeko, nolabait gizentzeko.

Galda diezaiogun ere gure buruari “nola ?

Eta seguraski jinen zauku bururat, errepresioa, torturak, injerentziak eta giza eskubideen zangopilatzeak Okzidenteak inposatu dituenak aipatutako erresuma horietan. Gisa hortako eskusartzeak, gisa hortako OTANen inposaketak edo FMIaren asfixiak onartuko ote ginituen “gure” erresumetan, oldartu gabe ?

Aski fite ohartuko gira
Irakeko gerla dela nolabait
sarraskia islamistaren iturburua.
Engoitik denek dakigularik
gerla hura abiarazi zutela
soilik motibo ekonomiko jakin batzu segurtatzeko.

Europa ez da epizentroa

Galda diezaiogun ere gure buruari “noiz ?” eta aski fite ohartuko ginateke Irakeko gerla dela nolabait sarraskia islamistaren iturburua. Engoitik denek dakigularik gerla hura abiarazi zutela soilik motibo ekonomiko jakin batzu segurtatzeko.

Galda dezagun ere “nork ?”, ez soilik jakiteko Daesheko terroristen izenak eta nortasun agiriak, ez eta ere nor diren hauen aintzindariak, baizik eta nor dagoen edo izaiten ahal litaiken gibelean. Zoin interes estrategiko edo ekonomiko nork aktibatzen ahal dituen geopolitikoki hainbat lurralde gako kontrolatzeko bereziki gasaren eta petrolioaren produkzioari begira. Nork du azken finean indartu Estatu islamikoa edota Daesh? Nork du interesa azken finean islamofobia eta ideia ultraeskuindarrak garatzea Europan ere?

Galda diezaiogun gure buruari “nun ?” eta aski fite ere ohartuko ginateke munduaren epizentroa bagine bezala funkzionatzen dugula, ustez soilik Europa dutela hunkitzen gisa hortako sarraskia faxistek. Gertatu dira alabainan Bartzelonan, Parisen, Bruselasen, Londresen, Madrilen, bainan baita ere Nigerian, Tunisen, Malin, Pakistanen, Somalian, Libian, Iraken, Nigerian, Kenian edo Indonesian… Ez soilik Europan. Hori guzia onartzeko eta begiak idekitzeko prest izanen girelarik, ohartuko gira ez girela “gu” Daeshen lehen helburuak, baizik eta musulmanoak berak lehenik. Ez, Daesh ez da belaunaldi espontaneo bat ez eta koiunkzio interplanetario bat.

Ez dut edozoin motako ekintza terrorista babesteko gogorik, baizik eta haatik aldarrikatzea ezin direla atakatu eta menperatu munduko hainbat lurralde jakin soilik interes ekonomiko/ ideologiko eta negozio hutsengatik.

Ez dut edozoin ekintza terrorista molde itsutuan burutua sustengatuko. Bainan ez dut sekulan babes politiko edo moralik onartuko molde ezberdinez terrorismo mota ezberdinak kontzientuki toleratzen eta batzutan sustengatzen dituzten hainbat “gureak” diren indar aliatueri, zoin beren itzaleko erabaki ilun batzuren bidez bilakatzen diren egiazko terroristak.