Telefona eta Wi-fi arrenkura…

PrintFriendly and PDF
"Atzo merkatüan nik "Nola zira?", eta parekoak arrapostüa...."Merde"....(pentsatuz "bai edo ontsa behar düta erran?"). Gau eskolan ebilia zen gogo handiz alta, bena plazako telefona galdu da eta euskararen wifia ez da denentako."

“Atzo merkatüan nik “Nola zira?”, eta parekoak arrapostüa….”Merde”….(pentsatuz “bai edo ontsa behar düta erran?”). Gau eskolan ebilia zen gogo handiz alta, bena plazako telefona galdu da eta euskararen wifia ez da denentako.”

Gotaineko haize epailea, Mixel Etxekopar

Lehen Frantziako herri euskalduna ginen eta orai Euskal Herriko herri frantsesa gira. Nor giren jakiteko behar gorria dugu. Nor giren izateko behar gorria dugu. Bena nor honek euskara galdu düanetik uduri zait galdu düala ipar orratza. Iparra ez dugu galdu, harek deiku irabazi, harek gutu garaitu. Eta garaipenak suposatzen du zerbaiten galtzea. Gure kasuan hebenko mintzajeen galtzea.

Guk Xiberoan euskal hitza galdu dugunean, biarnes hitza galdu dugun bezala, frantximantek ere galdu düe. Telefona galdu düe eta zailago zaiku komunikatzea. “Etxekoak” etxen mintzatzen ahal gira, gure etxeetan, gure pastoraletan, gure kantaldietan, gure “Etxekoak” antzerkian, bena telefona itzali zaiku, gure auzoek galdu düe, eta ez gütüe ezagutzen ahal gure hitzetan. Ezin düe gure mintzajea utzi sartzera, zerbaitek debekatzen balü bezala. Eta hau nahitara beno haboro oharkabez ene ustez.

Atzo merkatüan nik “Nola zira?“, eta parekoak arrapostüa….”Merde“….(pentsatuz “bai edo ontsa behar düta erran?“). Gau eskolan ebilia zen gogo handiz alta, bena plazako telefona galdu da eta euskararen wifia ez da denentako. Frantses wifia bai oro eta bakotxarentako da, bena euskarazkoa ez düe kaptatzen, egunoroztako gauza sinpleenak ere ez dira wifi hortan igaraiten.

Berantago pastetx jaten esküak urinez beterik nintzan, lagun batek “Apetitü hon… c’est comme ça qu’on dit ?” Lagun hura hirutanhogeita hamar urte hontan Xiberoan bizi dela! Erran balü lehen partea, paso, bena bizi osoa Xiberoan eraman ondoan zergatik basa ahalke hau?

Eta beste hau ere. Antzerkia Maulen. Euskaraz. Antzerki hortan aurkezpena. Aurkeztu eta… pena. Hitz bat ere ez zait, ez zaiku euskaraz erranik izan.Wifi den mendrena uken bagunu Maulen, urrats ttipiñi bat bazatekean, frantximant batek erraiteko “Gaü hon oroer (Jai alai “Ororena” gelan baitzen), honki jin Mauleko Antzerki festibalera“. Ez. Bazatekean inglesez, espainolez ere, “Good night, bienvenidos” erraiteko, bena Etxahunen humeen mintzajean zorigaitzez ez!

Wifi arrenkura hau nola konpon genezake?  Nik ez dut eskuko telefonarik, bena smartphone berria eros niro gogotik banu arrapostua!

One Trackback