Subiraniaz bi hitz

PrintFriendly and PDF
Jean-Louis Davant
Jean-Louis Davant
Laborantzako erakasle ohia, idazlea, euskaltzaina, Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.
Beste artikulu batzu

CassinPastoralaOrokorki, Estatuaren subirania normalean absolutu bat ote da, bere lurraldean inolako bazterrik gabea? Horretaz bi gogoeta egin gura ditut hemen, ahal bezain praktiko eta pragmatikoak, gai horretaz gehitu daitezkeen ausnarketa teoriko eta filosofikoak ni baino ausartago batzuei utziz.

Aukera ematen dit oraintxe berean Poloniako presidentearen erabaki batek. Erresumako justizia zuzenka gobernuaren peko jartzen du. Europar Kontseiluak bere gaitzespena helarazi dio eta publiko egin. Ikusiz Europar Batasunak aburu publikoan duen estimu eskasa, baliteke herritar ezberdinen iritzi gehienak Poloniako lehendakariaren alde jar daitezen, Kontseiluaren aurka, subiraniaren izenean.

Haatik oinarrizko arazo bat badago hor azpitik: Estatu batek, bere buruzagien bitartez, nahi duen guzia egin dezakea erresumako mugetan, bere herritarrak edo haietarik zenbait edonola tratatuz?

Ikuspegi zinez arriskutsua zait, eta horren aitzi hona etsenplu bat, Hitlerren erreinu hastean gertatua, René Cassin trajerian agertu nuena 2013an Sohüta/Sorhoetan : «10. jelkaldia – 1933ko setemere-bürüilan, SDN delako Nazioneen Biltzarrean, jelki Cassin, beste bürüzagi elibat eta Bernheim, Silesiako jüdüa. Auzitegiko presidenta : Zure pleinta hartü dügü / nazi gobernüari bürüz Bai eziz eta jüdüer / ari zaizüela mendeküz. Bernheim : Silesiako jüdüer / lotzen zaigü gisa oroz Neskak bortxatüz, haurrak joz / eta zonbait gizon ehoz. Etxerik elkitzen eta / herritik ohiltzen gütü Langitea debetatzen / hots ezin bizia dügü. Presidenta : Orai ager dakigüla / Hitlerren mezülaria Eia nola hartzen düan / holako pleinta lazgarria. Goebbels agertzen da basaki, nazi gazte talde batekin, denak pistola sakelan. Mintzaldi llabür eta gogor bat egiten dü, geroztik ezagütü deiogün ber gisa hartan. Goebbels : Gixolot horren erranak / ez dira züen afera Ez deizüegü kontürik zor / estatü libro bat gira. Ikazkina etxeko jaun / errege bere funtsetan Zer eginik ez düzüe / Alemaniako lürretan. Nahi düana eginen dü / bere peko herritarrez Komüniste, sozialiste / liberal eta jüdüez. Arraza bat, Estatü bat / bürüan Führer azkar bat Hori da gure legea / eta züena pubelalat!”

Eta hona Cassinen aholkua, demokraziek maluruski segidarik gabe utzi zutena, beti aurrera zebilen Hitler horren onetan: “Bortizkeria llabür eta / mügatü bati esker Mündüko bigerren gerla / bertan dezakegü bazter.

Muga gorria
oinarrizko giza eskubideen
errespetuan datza

Bistan dena, Poloniako lehendakaria ez da Hitler, hurranik ere ; haatik giza eskubideen aitzi doa erdiz erdi, marra gorria lasaiki gaindituz.

Bakarra balitz! Baina zoritxarrez, teorian demokratikoak diren Estatu andana batean, joera bortitzak hedatzen ikusten ditugu oposizioen aurka, bereziki Turkian, Iraken, Errusian, Ukrainan, Venezuelan… Salbuespen handiz kanpo, hala nola Hitler bati buruz, Nazio Batuen erantzun zuzena ezin izan da gerlan, baina diplomazian eta ekonomiako harremanetan.

Subiraniaren muga gorria, oinarrizko giza eskubideen errespetuan datza, eta horien zaintzeak lanak emanen dizkigu borondate oneko jende guziei.