Sozial mugimendu zabal baten mentura ote ?

PrintFriendly and PDF
Jakes Bortayrou
Jakes Bortayrou
Helduen euskalduntze alorreko langilea, BATERAko kidea eta Abertzaleen Batasuneko militantea.
Beste artikulu batzu
Nuit Debout ekimeneko sektoreak gogoetan ari dira ekimen federatzaileak piztu nahian.

Nuit Debout ekimeneko sektoreak gogoetan ari dira ekimen federatzaileak piztu nahian.

Ugari eta anitzak dira 2018ko udaberri honetan sozial borrokak frantses Estatuan baina nahiz eta ahots askok denen konbergentzia aldarrikatu eta espero duten, ez da momentuz gertatzen. Ondorioz,  etsipena eta frustrazioa sortzen dira bai eta borrokarako gogoa ahultzen ere. Zer falta da, zer egin behar da ? Holako galdeak jende askoren buruan itzulikatzen ari dira.

Ezintasunaren teorizazioan erori gabe, ulertzen saiatu behar da beti, gainditzen hasteko lehen urratsa baita. Lehenik erran, teoria politiko edo soziologikoak nahiz borroka guztien esperientziak baliagarriak izanik ere, mugimendu sozial indartsu eta arrakastatsuen pizteko mirakuluzko errezetarik ez da. Egoera bakoitza berria baita eta sekulan ez baitira errepikatzen baldintzen ber berak.

68ko maiatza famatua hura borrokan diren guztien gogoan eta ahotan da bainan ez da nahikoa, ez eta urrundik ere, orduan gertatu zen antzeko indar metatze eta kristalizazio fenomenoa gertatzeko.

Eskasak edo arazoak maila desberdinetan sumatzen dira: eskakizunak, estrategiak, eragileak, aliantza sozialak eta hainbat paradoxa ere agertzen dira.

Mobilizatuak diren sektoreen artean, izan treneko langileak, aireportuko pilotuak, unibertsitateetako ikasleak, EHPAD edo Carrefour-eko enplegatuak, funtzio publikoa, ZAD-eko biztanle eta beren jarraitzaileak ala migranteen sostengatzaileak, bakoitzak bere aldarrikapen sektoriala badu edo erreforma proiektu baten kontra borrokatzen du bainan eskas da aldarrikapen orokorra, denen mobilizazioak borobildu eta homogeneizatzen ahal dituena.

Behin baino gehiagotan sektore horien aldetik elkartasun deialdiak entzun eta keinuak ikusten dira.

Denek argi dute, funtsean ber logikaren jomugak direla, hots sistema kapitalistaren fase neoliberal honetan inposatzen diren politikak edota arloz arlo jasaiten dituzten erasoak gobernuak aberatsenen alde egin hautuaren ondorioak direla.

Alta ez da nahikoa, ez baita afera sinplea bestalde, aldarri komuna azalarazteko.

Energia xahutua eta desbideratua

Estrategia eskasak. Azken hamarkadako borroka sozial handi guztiak galduak izan dira, taktika berdina errepikatuz: borroka egun isolatuen errepikapena, sekulan konfrontazioa indartzen saiatu gabe, automatikoki mobilizazioa ahultzen utziz. Huts egite horien kontzientzia bizia da, jende askorentzat zerbait irabazteko esperantza bera higatzeraino eta indar harremana hasieratik desorekatuz.

Sindikatuetako oinarriak (CGTkoak bereziki) borrokarako prest izanik ere, konfederazioko zuzendaritzak erabaki betiko taktikak gainditzen ez da lortzen eta dena egina da energia xahutu eta desbideratzeko. Sindikatuen burokratizazioak eta sistemarekiko menpekotasun ekonomikoak, lantegi mailako lan sindikalaz haratago, gobernuari buru egiteko jendarteko sektore zabalak mobilizatzeko erabat indargabetu ditu.

Denek argi dute
sistema kapitalistaren fase neoliberal honetan
inposatzen diren politikak,
edota arloz arlo jasaiten dituzten erasoak,
gobernuak aberatsenen alde
egin hautuaren ondorioak direla

Maila politikoan panorama ez da askoz hobeagoa. Krisia sakona eta aspaldikoa da. Bai proiektu alternatibo sinesgarrien aldetik bai eta indar antolatuen aldetik ere. Sozial liberalismoaren onarpenak erabateko porrotera eraman du alderdi sozialista. France Insoumise, hainbat arazo politikoak tarteko, nekez agertzen da polo zabal berri gisa. Beste saiakerak ere badira bainan momentuz mugatuak.

Frente soziala izeneko plataformak eskualdez eskualde borrokak uztartzen saiatzen du. Nuit Debout ekimena bultzatu zuten sektoreak ere gogoetan ari dira ekimen federatzaileak piztu nahian.

Ahantzi gabe gazte eskolatuen artean eragina duten korronte komunista libertarioak, “komun libreak” antolatzen eta saretzen aritzen direnak, ZAD esperientzia erreferente nagusia dutenak.

Hedabide nagusien propaganda

Gobernamenduaren abilezia taktikoa ez da gutxitzekoa bestalde. Modernizazio eta berritasuna aho beteka erabiliz, herri garatu gehienetan aplikatu diren politika zaharkituak kosta ala kosta inposatu nahi ditu.

Horretarako frente guztiak batera irekitzen ditu haserrea bezainbat harridura eta nolabaiteko paralisia sortuz.

Nola ez aipa bestalde hedabide nagusien propaganda etengabea. Horren eragina are handiagoa da garai neoliberal honetan indibidualismo sistemikoa eta bakartasun sentimendua hedatuak baitira.

Denen arteko gupidarik gabeko konkurrentzia da jendartearen molde nagusia. Bakoitzak berea. Are gehiago, lehengoko klase kontzientziaren desagertzea baino haratago, bloke sozial herrikoiak dira deseginak, prekaritateak azpiz janak eta politikoki guztiz sakabanatuak. Interes ekonomikoen araberan sor lezaken polarizazioaren gainetik batzuek anpatutako haustura lerroek gaina hartzen dute: laikotasuna, islamofobia, nortasun kontuak eta abar…

68ko maiatzaren 50. urtemugak egoera nahasian harrapatzen gaitu. Zer aterako den nehork ez daki. Bainan orduan ere nehork ez zuen ezer etortzen ikusi.

Utz iruzkin bat

Zuen emaila ez da sekulan argitaratua izanen, ez eta ere komunikatua. Betetzea baitezpadakoak diren guneak * batekin markatuak dira.

Connect with Facebook

*
*

Ondoko HTML elementuak erabil ditzakezue <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>