Sezesioan, berritasuna eta subjektua

AsierBlas
Asier Blas

Enbata.info-k Asier Blas politologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko erakasleak bere Argia-ko blogan argiaraturiko sezesioari buruzko hitzaldien noten berri emaiten jarraitzen du. Hara hemen joan den asteko “Eskozia eta Katalunia ikusiz… ikasi” lehen zatiaren jarraipena.

Eskoziak edota Kataluniak independentzia lortuko balute, inperioaren bihotzean lortuko lukete: NATO eta Mendebaldeko herrialde demokratiko-liberal egonkortuetan. Tabu bat hautsi eta beharbada praxi berri baterako bidea markatu dezakete. Prozesu sezesionista batean subjektoa lurraldetasun eta nazio ikuspundutik definitzen da. Urruneko lurraldeak edo kolonia arruntak ez diren herrialdeetan holako prozesu bat bultzatzeko bi gerturapen badira (bien arteko elkar elikatzeak egon daitezke eta batzuetan era perfektuan teilakatu daitezke): nazionalista eta demokratikoa. Sinplifikatuz, nazionalistak duen diskurtsoaren muina da independenteak izan behar garela desberdinak garelako, aldiz demokratikoak lupa jartzen du gehiengoaren borondatean.

A)     Eskozia eta Katalunia sezesioen historian berritasun bat izan daitezke

Deskolonizazio prozesuak alde batera utzita, historikoki estatu independente berrien sorrera gerren ondorioa izan da nagusiki, horrek ez du esan nahi denak independentzia gerrak izan direnik. Adibidez, I. Mundu Gerraren emaitzetako bat estatu berri askoren jaiotza izan zen zenbait inperioren desagertzeari esker. Inperioak indartsuak badira ez dute sufritzen sezesiorik (ikus azalpen zehatzagoa hemen), horregatik, Bigarren Mundu Gerra ostean mendebaldeko edota NATOko herrialdeetan ez da sezesiorik izan. Saiakera bakarra Quebec-ek birritan eginikoa dugu eta bietan autodeterminazio erreferendumak huts egin zuen. Beraz, Eskoziak edota Kataluniak independentzia lortuko balute, inperioaren bihotzean lortuko lukete: NATO eta Mendebaldeko herrialde demokratiko-liberal egonkortuetan. Tabu bat hautsi eta beharbada praxi berri baterako bidea markatu dezakete.

B)      Subjektu argia dute Katalunian eta Eskozian.

Bi dimentsio aztertuko ditugu hemen: 1. lurraldetasuna eta 2. nazioa. Azkeneko hamarkadetan Europan izandako sezesio prozesu guztiak erakundetutako lurraldeetan eman dira.

Ezaugarri hau Eskoziako kasuan betetzen da, independentzia eskuratu nahi duen lurraldea erakundetua dago instituzio bakarrean. Bestalde, bere biztanleen gehiengo oso zabal batek Eskozia nazio gisa kontsideratzen du eta horren parte sentitzen da. Ondorioz, bi elementu azpimarratu behar dira Eskoziako kasuan:

1. Lurraldea eta sinboloak ondo definituak dituzte.

2. Lurralde horretan nazio bakarra bizi da nagusiki eta beraz, ez dago nazionalki erdibitua. Noski beste zenbait nazioetako kideak bizi dira, etorkinak etab. Baina horiek ez dute kontsideratzen bere nazioa lurralde horren “jabe” denik. Badira britaniar ikuskera nazionalista dutenak, baina oso gutxi dira, oro har, biztanleen artean %85etik gora dira Eskozia nazio bat dela kontsideratzen dutenak.

Elementu bi hauek bat egiten dute Katalunian ere bai, nahiz eta Eskoziako kasuan baino pixka bat ahulagoak izan:

1. Lurraldeak eta sinboloak ondo definituak dituzte. Katalan Herriak oso kontzeptu berria da, ezin da parekatu Euskal Herria kontzeptuarekin, bere izaera nagusia linguistiko-kulturala da (hizkuntzaren zabalkundeak markatzen du muga) eta izan duen transferentzia politiko txikia konfederalismotik egin da, argi izanez unitate (herri) bakoitza politikoki subiranoa dela eta bere ibilbidea egin behar duela.

2. Katalunian gehiengo oso zabal batek argi dauka Katalunia nazio bat dela. Adibidez, 2005ean Kataluniako Parlamentuak %88,8 babesarekin onartu zuen Katalunia nazio gisa aitortzen zuen Estatutu berria. Beraz, herrialdea ez dago nazionalki erdibitua. Eskoziako kasuan bezala, sentimendu nazional desberdinak dituzten biztanleak topatu ditzakegu (gauza arrunta egungo mundu globalizatuan), baina gehiengo oso zabal batek argi du Katalunia nazio bat dela. Herrialde batean iritzi horren kontra daudenak %20-25 baino gutxiago badira ezin da esan gizartea sakonki erdibitua dagoela, are gehiago izaera nazional horren aurka daudenak ez badaude geografikoki kontzentratuak (gehiengoa izanez lurralde zati esanguratsu batean/batzuetan).

Euskal Herrian aldiz, aipatutako elementuak ez daude garbi:

1. Lurraldetasunaren arazo larria da eta seguruenik blokeorako elementu garrantzitsuena. Abertzaletasunaren parte garrantzitsu batek urteetan egin duen diskurtsoa Espainiak praktikatzen duenaren antzekoa da: Euskal Herriak du erabakitze eskubidea bere osotasunean, espainiar nazionalismoak antzera dio Espainia osoak erabaki beharko duela sezesio prozesu baten aurrean. Ikuspegi demokratikotik ez dauka ez hanka ez bururik eta hori argi ikusten da definitzen den lurralde-subjektu horren baitan portaera politikoak oso desberdinak direnean, Euskal Herria kasu.

2. Herrialdea erdibitua dago nazio izaeraren inguruan. Bere herritarren gehiengo argi bat euskal herritar kontsideratzen den arren, batzuentzat EH nazio bat da eta beste batzuentzat Espainiako edota Frantziako eskualde bat da. Hau gutxi balitz, ikuskera desberdin hauek duten indarra lurraldetasunaren ikuspegitik oso desorekatuak dira. Homogenizatze bidean dagoena Euskal Autonomi Erkidegoa da, nahiz eta oraindik desberdintasun nabarmenak daude Gipuzkoa eta Araba artean. Halere, Eusko Legebiltzarrean pentsa ezina da Katalunian lortu zuten %88,8ko gehiengo bat lortzea “Euskadiren” nazio izaera aitortzeko edo erabakitze eskubidea (“autodeterminazioa”) babesteko.

Katalunia, Eskozia eta Euskal Herriaren artean dauden desberdintasunak faktore askok azaltzen dituzte, halere, elementu klabeetako bat da nazioaren edo komunitatearen definizioa. Eskozian oso malgua da, Katalunian nahikoa eta Euskal Herrian ez hainbeste. Giltza hizkuntza da. Eskozian elementu honek ez du gizartea erdibitzen ez duelako integrazioa “nazionalerako” oztoporik jartzen (hizkuntza bat ikastea). Katalunian gaztelania eta katalanaren arteko gertutasunak gauzak asko erraztu  eta malgutzen ditu, aldiz, gurean erdibitzeko elementu garrantzitsua da. Ez da kasualitatea euskara-gaitasuna eta independentismo zaletasunaren artean korrelazio estatistiko esanguratsua egotea. Noski, elementu hau ez da erabiltzen dugun bakarra nazio edo komunitate atxikimendua adierazteko, baina independentismoaren diskurtsoan hizkuntza zentrala bilakatzen denean ezagutu behar dira bere muga demokratikoak. Azkeneko inkesta soziolinguistikoaren arabera euskaldunen portzentajea honakoa da: Araba %22,9; Bizkaia %30,3; Gipuzkoa %52,6; Ipar EH %21,4 (baina populazio oso zaharkitua); eta Nafarroa %11,7.

Sezesioak bultzatzeko ikuskera nagusiak

Urruneko lurraldeak edo kolonia arruntak ez diren herrialdeetan prozesu sezesionista bat bultzatzeko bi gerturapen daude (bien arteko elkar elikatzeak egon daitezke eta batzuetan era perfektuan teilakatu daitezke): nazionalista eta demokratikoa. Sinplifikatuz, nazionalistak duen diskurtsoaren muina da independenteak izan behar garela desberdinak garelako, aldiz demokratikoak lupa jartzen du gehiengoaren borondatean.

XXI. mendean paradigma nazionalistatik bakarrik nekez lortu daiteke sezesio bat. Egun gehiengo demokratiko zabalek errazten dute sezesioa bultzatzea eta arrakastatsua izatea. Horrek eskatzen duena da sezesionatu nahi den lurraldeko biztanleen artean komuna dena bilatzea eta indartzea. Azaldutakoaren arabera, honako hipotesia eraiki genezake:

Probabilitate aldetik, geroz eta teilakatze handiagoa gertatu paradigma nazionalista eta demokratikoaren artean (=integratzailea edota irekia), orduan eta errazagoa da sezesioa.

Honen adibide garbi bat da Norvegiako sezesioa. 1905ko ekainaren 7an, parlamentuak aho batez aldarrikatu zuen independentzia. Bi hilabete beranduago ospatutako sezesio erreferendumean hauteskunde erroldaren %85,4ak parte hartu zuen, hauetatik %99,95ak independentziaren aldeko babesa eman zuen (emakumeek ez zuten botorako eskubidea, halere, norvegiar emakumeen 200.000 sinadura baino gehiago jaso ziren independentziaren alde, kontuan izan aldeko boto kopurua 368.208 izan zela).

Beraz, norvegiar kasuan teilakatze perfektua eman zen: “desberdinak garelako, baina gehiengo zabal bat garelako”. Kasu honetan garbi zegoen herri oso baten borondatea zela. Bestalde, herrialde bat bi paradigmen arteko teilakatzea perfektutik urrun badago, joera da autonomismoa bultzatzea (burujabetza esparruak irabaziz) behin behineko soluzio gisa, sezesiorako aukera politikorako egitura apropos bat lortu arte behintzat, hau da, krisi politiko, instituzional, sozioekonomiko edota gerra bat iritsi arte.

Zer ikasi genezake guzti honetaz EHn? Gure herritarren hizkuntzak eta nortasun nazionalak oso anitzak dira, horregatik independentziaren alde gehiengo zabalak lortu nahi badira, ez du zentzu gehiegi ikuskera nazionalista klasikoetan gotortzea. Ez dago dudarik askotariko diskurtso eta interesen arteko zubiak eraiki behar direla, motibo desberdin gehienek balio dezakete independentzia sustatzeko. Baina, ezin bestean euskal herritarrek konpartitzen ditugun bizpahiru elementu/interes komun detektatu eta indartu beharko lirateke diskurtso politikoan. Eskozian errazagoa zuten, Katalunian ez hainbeste, baina etxeko lanak behar bezala egiten jakin dute.

Jarraituko du…

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre, financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.
Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.
« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.
Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.
Faites un don ou abonnez vous à Enbata : www.enbata.info/articles/soutenez-enbata

  • Par chèque à l’ordre d’Enbata, adressé à Enbata, 3 rue des Cordeliers, 64 100 Bayonne
  • Par virement en eusko sur le compte Enbata 944930672 depuis votre compte eusko (euskalmoneta.org)
  • Par carte bancaire via système sécurisé de paiement en ligne : paypal.me/EnbataInfo
  • Par la mise en place d’un prélèvement automatique en euro/eusko : contactez-nous sur [email protected]

Pour tout soutien de 40€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.
Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.
«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.
Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.
Enbatari emaitza bat egin edo harpidetu: https://eu.enbata.info/artikuluak/soutenez-enbata

  • Enbataren izenean den txekea “Enbata, Cordeliers-en karrika 3., 64 100 Baiona“ helbidera igorriz.
  • Eusko transferentzia eginez Enbataren 944930672 kontuan zure eusko kontutik (euskalmoneta.org-en)
  • Banku-txartelaren bidez, lineako ordainketa sistema seguruaren bidez: paypal.me/EnbataInfo
  • Euro/euskotan kenketa automatikoa plantan emanez: gurekin harremanetan sartuz [email protected] helbidean

40€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.
Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).