Piarres Charritton, euskararen sua eta garra

Xarriton1Piarres Charritton euskaltzain emeritua hil da, Baionan, 95 urte zituela. Hazparneko (Lapurdi) Ehulateia etxean sortu zen Piarres Charritton Zabaltzagarai, 1921eko urriaren 19an, laborari familia batean. Filosofian lizentziaduna, Teologian eta Euskal Ikasketetan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izateari utzi eta erretiroa hartuta zegoen, aspalditik. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1950eko urriaren 27an, eta euskaltzain oso 1985eko uztailaren 19an (sarrera hitzaldian Piarres Lafitteren bizitza eta lana gogoratu zituen). Euskaltzain emeritua zen 2006ko uztailaren 20tik.
1968ko Arantzazuko biltzarra
1968ko Arantzazuko biltzarra

Gaztea zela abiatu zituen apaizgai klasikoaren ikasketak Hazparnen, Uztaritzen eta Baionan, eta 1947an apaiztu zen. Erroman goi-teologia ikasketak eta filosofiakoak Parisen egin ondoren, irakaskuntzan jardun zuen hainbat postu eta mailatan, oinarrizko irakaskuntzatik unibertsitateraino. 70. hamarkadan apaiz izateari utzi zion eta familiatu zen. Jarduera intelektual bizia izan du gazte-gaztedanik; artikulu anitz eta hainbat obra argitaratu ditu, batez ere euskaraz, baina baita frantsesez ere. Ele indartsuko gizona; besteak beste, Jean Etxepare medikuaren eta Piarres Lartzabal idazle eta antzerkilariaren lanen biltzaile; langile harrigarria eta ekintzaile etengabea izan zen Charritton.

Ezagutu zutenek ondo gogoan dute bere izatea eta jarduna. “Euskara ezpainetan, dotorezia mintzairan, bikaintasuna idazkeran. Halakoxea zen Piarres”, esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak. “Labayruren Ikastaroetan ezagutu nuen, urte asko direla -gogoratu du Urrutiak-, bera irakasle eta ni ikasle. Egia esan, berebiziko indarra zerion hari, Iparraldeko euskararen nondik norakoak hitzez eta letrez erakusten eta irakasten zizkigula. Euskararen klasikoak barne-barnetik maitatu eta gure eskuetan jarri zituen, mintzaira zaindu baten bidez. Sona handiko euskal maisuen  argitarazlea, erretorikak ez zeukan berarentzat ez bihurgune ezta ezkutuko lekurik. Euskara ezpainetan, dotorezia mintzairan, bikaintasuna idazkeran. Halakoxea zen Piarres Charritton. Euskararen sua eta garra, molde horretan gogoratuko dugu, gaurgero, gure euskaltzainkidea”.

1979 Seber Altube omenaldia GERNIKA
1979 Seber Altube omenaldia GERNIKA

Ekarpen aho-mihizkoa

Izugarriko kultura zuen eta gaitzeko dohaina hitz egiteko. Euskarari, euskaldungoari eta Euskaltzaindiari egin dien ekarpenik handiena aho-mihizkoa izan da. Baina ber denboran, ez idurian, idazlan handia egin duela ohartzen ahal gara haren bibliografia franko aberatsa ikusiz. Eskerrak zor dizkiogu euskaltzaleok”, aitortu du Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzainak, bere laguna gogoratuz.

Liburu parrasta bat plazaratu zuen, politika mailakoak eta literaturaren historia jorratzen zutenak; hiztegiak halaber. Iparralde honetan ‘norbait’ zen, ‘norbait’ hori zentzurik zabalenean hartuz”, adierazi du, baita ere, Itxaro Borda idazle baxenafarrak. Luzien Etxezaharreta idazle eta kazetariak ere horrela gogoratzen du Charritton: gogotsu, kementsu. “Suzko gizona ezagutu dugu Gure Irratia lehen euskarazko irratiaren hasieran, gero ikastolen biltzar zabaletan, Baionan zinegotzi izan zelarik… Bere herritarrei mintzo, Manex Hiriart-Urruty aipatuaren jarraile ere bazen, bere erretorika zanpatzailearekin, hitz bortitz eta umore astintzailearekin. Langile harrigarri eta etengabea izan zen Charritton”, adierazi du Maiatz aldizkariko koordinatzaileak.

1998 Bilbo Andres Urrutiaren sarrera hitzaldian
1998 Bilbo Andres Urrutiaren sarrera hitzaldian

PIARRES CHARRITTON (1921-2017)

Hazparneko (Lapurdi) Ehulateia etxean sortu zen Piarres Charritton Zabaltzagarai, 1921eko urriaren 19an, laborari familia batean. Aita-amak, Pierre Charritton eta Gaxuxa Zabaltzagarai, laborariak ziren eta sei haur izan zituzten, eta, horien artean, Piarres bera zaharrena.

Filosofian lizentziaduna, Teologian eta Euskal Ikasketetan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izateari utzi eta erretiroa hartuta zegoen, aspalditik, Charritton. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1950eko urriaren 27an, eta euskaltzain oso 1985eko uztailaren 19an (sarrera hitzaldian Piarres Lafitteren bizitza eta lana gogoratu zituen). Euskaltzain emeritua zen 2006ko uztailaren 20tik.

Hazparnen jaio eta bertan egin zituen lehen ikasketak Charrittonek, eta 1935ean Uztaritzeko Seminariora joan zen, gazterik erabaki baitzuen elizgizon izan nahi zuela. Bertan, aholkulari eta bidelagun izaniko Piarres Lafitte abade eta kultur gizona ezagutu zuen. Bost urte igaro zituen hazpandarrak Uztaritzen, eta handik Baionako Seminariora aldatu zen, Euskal Herriaren inguruko kezkari eta jakin-minari jarraiki ziola, bertan bertatik.

Gaztetan hasi zen Charritton irakaskuntzan: 1942an Biarritzen aritu zen, hogeita bat urte besterik ez zituela, eta handik urtebetera sorterrira itzuli zen, lan bera egitera. Azkenik, 1944ko udan, Baionako seminariora itzuli zen teologia ikasteko asmoz.

Hegazkin-pilotu ingelesari laguntzen

Aurretik, Espainiako Gerra Zibiletik ihes zenbiltzan euskaldunak ezagutu zituen Ipar Euskal Herrian, eta, beranduago, naziengandik ihesi zenbiltzan frantziarrak. Horietako batzuk berak ezkutatu zituen. Esaterako, Russell Kirby hegazkin-pilotu ingelesa, bere etxean hartu zuena hilabete pare batez. Gero, muga gurutzatzen lagundu zion, eta balentria horrengatik Frantziako Errepublikak soldat sans uniforme des Forces Françaises izendatu zuen (uniforme gabeko gudaria) eta aliatuen Aire Indarretako komandante nagusiak diploma bat eman zion, esker onez. Ez zen bere etxean aterpetu zuen iheslari bakarra izan.

1942tik irakasle nahiz apaiz lanak egin zituen Biarritzen, Hazparnen, Maulen, Baionan eta Parisen. Eskualdun Estudianteen Egunak antolatu zituen 1946-1951 artean eta Eskualdun Gazteriako arduradun izan zen 1956tik. Halaber, Eusko Ikaskuntzaren Biarritzeko Biltzarrean (1948) parte hartu zuen eta Eskualtzaleen Biltzarreko kide da 1958tik.

Baionako Elizbarrutiaren babesean, Parisko Eskual Etxearen (1955) eta Hazparneko Lanbide Eskolaren (1959) sortzaileetarikoa izan zen. Lanbide Eskolako zuzendari izan zen 1965 arte, lankide zituela Jean-Louis Davant edota Txillardegi. 1965ean, zuzendaritza utzi egin behar izan zuen, arazo politikoengatik.

1967tik 1973ra bitartean Baionako San Amandoko erretore izan zen eta Fededunak (1968) taldea sortu zuen Jean-Louis Davant, Jean Hiriart-Urruti eta beste hainbat lagunekin. Frantziskotarren Jakin taldearekin ere harremanetan zen ordurako. Horrez gain, Baionako Euskal Astearen sustatzaileetako bat izan zen; euskara batua hauspotu zuen 1968ko Arantzazuko Biltzarrean parte-hartze erabakigarria izan zuen; Association pour la Création d’un Institut d’Etudes Basques (ACIEB) delakoaren sorreran esku hartu zuen, Piarres Lafitte, Jean Haritxelhar eta beste hainbatekin elkarlanean (ondorioz, Euskal Ikasketen Institutua sortu zen); eta 1972an eta 1973an Udako Euskal Unibertsitateko lehenengo jardunaldiak antolatu zituzten Donibane Lohizuneko Ravel lizeoan, eta jardunaldi horiekin jarri zen martxan UEU bera.

70eko hamarkadaren erdialdean Eliza utzi, Aña Durruty aihertar erizainarekin ezkondu eta Baionara itzuli zen. Behin itzulita, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izendatu zuten 1984an eta Filosofia Fakultatean eman zituen eskolak, harik eta 1987an erretiroa hartu zuen arte.

80ko hamarkadan politikari bihurtu zen hazpandarra: 1988ko ekainaren 5eko eta 12ko hauteskundeetara Eusko Alkartasunaren izenean aurkeztu zen, Pirinio Atlantikoen 5. barrutian. Honela, EAren Ipar Euskal Herriko burua izan zen 1988tik 1997ra bitartean. Halaber, Baionako Udalean zinegotzi izan zen 1993tik 1995era bitartean.

Bizitza oparoak baditu bere sariak, eta gorazarre asko jaso ditu azken urteetan ekintza gizonak. Besteak beste, 1996an, EIZIEko ohorezko kide izendatu zuten; 1999an Manuel Lekuona Saria eman zion Eusko Ikaskuntzak; eta, 2006an, euskaltzain emeritu izendatu zuen Akademiak.

Ekintzailea

Langile porrokatua izan zen Piarres Charritton, eta horren adibide dira berak egindako literatur ikerketa, edizio, itzulpen eta bestelakoak. Gaztetan hasi zen hedabideetan idazten, eta Jakin, Zabal, Enbata, Otoizlari, Elgar, Il Bimestre, Gure Almanaka, Zeruko Argia, Ekaina, Anaitasuna, Jaunaren Deia, Etchea, Comun, Maiatz, Euskaldunon Egunkaria, Gara, Berria, Mundaiz, Bulletin du Musée Basque, Oihenart, RIEV, Ele, Egan, Antzerti, Hegats, edo Euskalingua bezalako aldizkari eta egunkarietan kolaboratu du.

Euskaltzaindian, Ipar Euskal Herriko ordezkari izan zen, 1978tik 2006ra bitartean, hainbat arlotan lan eginez: euskalduntze-alfabetatzea, onomastika, gramatika (EGLU bilduma, 1985-2011), hiztegigintza, Jagon saila, argitalpenak, literatura ikerketa eta abar. Halaber, euskaltzain askoren idazlanak argitaratu ditu: Jean Etxepare, Piarres Larzabal, Jean Saint-Pierre eta René Lafon, besteak beste. Pentsamenduaren hainbat idazle klasiko ere itzuli ditu euskarara: Thomas More (Utopia), Benedictus de Spinoza (Ethica), Francisco de Vitoria (De Indis) edota Martin Azpilkueta.

Azken urteotan, Ipar Euskal Herriko idazle eta kultur gizon batzuen gutunak eta literatur testuak argitaratu ditu,  beste ikertzaile batzuen laguntzaz. 2003an, De re publica edo politikaz (Elkar) karrikaratu zuen Charrittonek. Liburua saiakera-lana da, eta, bertan, estatuaren, nazioaren eta herriaren arteko harremanak ditu aztergai eta hizpide.

2009 Iparraldeko euskaltzainak Urkiolan
2009 Iparraldeko euskaltzainak Urkiolan
Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre, financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.
Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.
« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.
Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.
Faites un don ou abonnez vous à Enbata : www.enbata.info/articles/soutenez-enbata

  • Par chèque à l’ordre d’Enbata, adressé à Enbata, 3 rue des Cordeliers, 64 100 Bayonne
  • Par virement en eusko sur le compte Enbata 944930672 depuis votre compte eusko (euskalmoneta.org)
  • Par carte bancaire via système sécurisé de paiement en ligne : paypal.me/EnbataInfo
  • Par la mise en place d’un prélèvement automatique en euro/eusko : contactez-nous sur [email protected]

Pour tout soutien de 40€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.
Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.
«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.
Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.
Enbatari emaitza bat egin edo harpidetu: https://eu.enbata.info/artikuluak/soutenez-enbata

  • Enbataren izenean den txekea “Enbata, Cordeliers-en karrika 3., 64 100 Baiona“ helbidera igorriz.
  • Eusko transferentzia eginez Enbataren 944930672 kontuan zure eusko kontutik (euskalmoneta.org-en)
  • Banku-txartelaren bidez, lineako ordainketa sistema seguruaren bidez: paypal.me/EnbataInfo
  • Euro/euskotan kenketa automatikoa plantan emanez: gurekin harremanetan sartuz [email protected] helbidean

40€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.
Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).