Otsokop-en lehen Otsofest-a!

PrintFriendly and PDF

Otsokop kontsumitzaileen elkarteak gaur egun 400 kide pasa kondatzen ditu eta udaberri huntan denda edo epizeria bat ireki du Baionako San Izpiritu auzoan. Epizeria astean bi egunez irekia da eta kideek hor eros ditzazkete tokiko ekoizpenak, gehienak biologikoak eta prezio duinean. Hori posible da arartekolari guti baita ekoizle eta eroslearen artean eta ibilmoldea beren gain hartzen baitute kideek, bakoitzak hilabetean 3 ordu lan eginez kooperatiba gisa ari den elkartean. Otsokop epizeria baino gehiago da, kideen arteko harremanak laguntzen dituen leku bat, bestela kontsumitzeko parada eskainiz. Jarraian, Kanalduderen erreportaia eta Joxet Otsokop kidearen zonbait ohar lagun, Otsokop-en ezagutza egiteko parada dugu, uztailaren 8an Otsofest-ean sakontzen ahalko duguna Baionako Gaztetxean 14:00etarik goiti.

Noiz sortu da Otsokop?
Joxet:
Otsokopo 2015eko otsailean, «Les amis d’Otsokop» edo «Otsokopen lagunak» elkartearen araudiak izenpetuz sortzen dute bikote batek.

Zein dira xedeak?
Joxet: Hazkurri biologikoak, sasoinekoak, tokikoak eta lekuko ekoizleek bilduak lehenestea. Eta ber maneran ezaugarri horien arrazoi eta abantailen garrantziaren berri emaiterat kontsumitzaileen artean, denen hezkuntza sanoago baten xedearekin.

Zein izan dira lehen pausuak?
Joxet: Bikote hori ez zen bakoarra axola horiekin. Beren inguruko ahaide, auzo edo lagunek jakin dutelarik desmartxa hortan sartuak zirela, berehala bizpahiru dozena jende bildu dira eta kidetu ekartean, delako «kontsumitzaileen elkarte» hori egunero hobeki egituratzeko. Hortaz etsenplu bat bazuten, noiztenka agerkariek aipatzen zutena, ia berrogoi urthe antzinago hasi eta ongi baino hobeki beti jarraitzen duena. Etsenplu bat aski urrun sortua, Ameriketako New Yorken, non Kooperatiba batek zabaltzen duen noiztenka bi orritako argitalpen bat bere esperientzia hori jakinarazteko, eta gaur 5 000 produktuz goiti bere dendan proposatzen dituen. Bestalde, Londresen ere mota bereko saltegi bat sortu zen 2010ean, Parisen 2013an (2000 kide pasa biltzen dituelarik).  Denak kooperatiba gisa ari dira. Hots kide izan behar da edozein elkartetan bezala, baina egiazko kidetasun partaidetza batekin.

Zertan da Otsokop gaur egun?
Joxet: 2015etik geroz  beraz 30 bat lagun hasi ziren, beren produktuen beharra noiztenka elkartuz eta erosiz; denbora berean herriko ekoizle “bio” labeldunak zoin ziren bilatuz. 2016 urtearen bukaeran 400 kideetaz hurbilduz ari ginen, gaindituz segitu dugu, Angeluko lokalean, funtzionamendu zikliko bat abiatua izan zela produktu freskoen inguruan, gogoan dugun kooperatibaren funtzionamendua saiatzeko. Oroit 2015ean, noiztenka eta beharren arabera beizik ez zirela egiten erosketak. 2016ean aldiz eta oraino 2017ko lehen partean, apirila arte, bi astetarik, ekoizleek aldi bakoitz sasoieko uzta edo produktuen zerrenda proposatzen zuten kideeri, bakoitzak zerrenda hortan hauta eta mana zitzan aitzinetik, bere beharraren arabera, lau egun barne larunbat goizez eskuratuko zituen produktuak. Produktu iraunkor batzuen erreserba permanente bat ere atxikia zen: irrisa, olio, kontserba, bahatzekari eta fruitu idor, fruitu jusa-zuku, bahatzekari zopa, etab.

Azpimarratzekoa da Crowfunding edo diru biltze kanpainak eman dizuen laguntza…
Joxet: Diru beharretan ginen 2017ko obra berrieri buruz eta beraz 2016a bukatu dugu 12.000 eurotako crowfunduing edo diru eskatze bat abiatu eta erreusituz, urte berriari lotzeko prest. 2017ko apirilean ordu arteko bi asteroko irekidura baten ariketatik segidan, komertsio baten  funtzionamendu klasikoago batetara hurbidu gira, “supermerkatu ttiki” baten moldekoari, orain baino maizago idekia beraz, astean behin edo bietan, egun erdi bat edo bi arrats, … horiek oro ez dira oraino arrunt finkatuak. Hortarako Baionako karrika batean jarri dugu denda berria, “Maubec” karrikaren goi ezkerrean den “de Lattre de Tassigny” hiribideko 1.an. Astero idekiak gira produktu iraunkor askoz gehiagorekin, asko “vrak” moduan  (gainestalkirik gabe) proposatuak eta aitzinetik manatu gabe erosten ahalko direnak. Horrez gain orain arteko produktu freskoak ere topatuko dira. Iaz bildu 12000 euroek lagundu dute funtzionamendu berri hortan sartzen, araberako tresneria erosirik (Barra-koden irakurlea, pisagailu berezi bat, inoxezko altzari eta untziak, etiketatzaile tresna bat, etab.

Hots, supermerkatu bat iduri…
Joxet:
Azpimarratu behar dugu nola eta zertan izanen garen holako izeneko beste horietaz diferentak, nahiz eta denda horien itxura ahal bezain hurbildik hartu, ttikiago agerturik ere, eta nola egin ditaiken halere kalitatezko janari edo hazkurri bio produktuak saltzea, eta halere ingurumen eta produktoreen lanaren errespetuan, eta bertze komertzioek baino halere prezio eskuragarriagoan… kontsumitzailearen erosketa-ahala laguntzeko! Alabainan, kooperatba hitza ere enpleatu dugu. Hots, kontsumitzaileen kooperatiba batek dakarkan diferentzia da bere kontsumitzaile kideak dituela jabe eta, legez, partalier horiek beizik ez dutela erosten ahal, gure kasuan, kooperatibako produktu hobe eta merkeago horietarik. Abantailak badira noski, baina hori ahalbidetzen dituzten betebeharrak ere: kide erosleak beharko du, gure kasuan, “laborari-ekoizle-produktoreekin” katea osatzeko, egiazki berak “langile-saltzaile-erosle” bilakatu, eta ez erosle beizik. Hortako da gure kooperatba hori parte hartzailea. Kideek hiru horen lan hornituz hilabetero beren kooperatibari, bakoitxak bere berezitasunezko lan eta tenoreetan, hunek gaitzeko ekonomia bat egiten du bere funtzionamenduan.  Gaurko egunean, 400 pasa kide girenez, 1200 orenez goiti eskain dezazkegu, nahiz eta, lan baino langile gehiago izan momentuan.  Hortan da prezioak hobeki menperatzeko  bidea aurkitzen : 1200 oren horiek, beharrean, 15.000 euro jornalen ordezkoak dira, kideen lanetik ateraiak;
Eta pentsa, lagun bilakatu kideen artean, eta omore onean, hilabetero egiten ditugun hiru oren horiek, … zer dira!  Hilabetean mugikorretan debalde telefonatuz galtzen den denboraren laurdena!

Zuen berri ukaiteko biderik?
Joxet: Informazio edo berritasun gehiago jakiteko, interneten jo : www.otsokop.org edo mailez : [email protected]  edo edo telefonoz: 05.47.75.13.38. Eta noski, uztailaren 8an Otsofest-erat hurbildu gustian, Baionako Gaztetxerat 14:00etarik goiti.

OtsofestAfitxaOIna