Minority report

PrintFriendly and PDF
Jakes Bortayrou
Jakes Bortayrou
Helduen euskalduntze alorreko langilea, BATERAko kidea eta Abertzaleen Batasuneko militantea.
Beste artikulu batzu

MinorityReportDuela hamabost urte Steven Spielberg-ek egindako filma hartan, 2054ko urteko poliziak krimenak burutu aintzin detektatzen zituen eta soilik haien xedearengatik jendeak atxilotzen eta justiziak kondenatzen. Zientzia fikzio hutsa? Legebiltzar frantsesa eztabaidatzen ari den Barne seguritate legea aztertuz argitasunak.

2017ko irail honetan, pasa den uztailean Senatuak onartu ondoren, frantses Estatuko legebiltzarrean aztertzen ari den Barne seguritate legeak zuzenbideko funtsezko printzipioa zalantzan emaiten du Florian Borg SAF-eko kideren iritziz: terrorismo aferetan, hemendik goiti ekintzak jujatu ordez pertsonaren jokamoldea auzitara eramaten ahalko da eta frogaren ordez susmoak eta iragarpenak bilaka daitezke kondena baten oinarria.

Lege proiektuak, plaza publikora atera denetik mobilizatu diren jurista frangoren erranetan lanjer handia sortzen du. Terrorismoaren kontrako borrokaren estakuruz, salbuespen prozedurak eta libertateen murrizketak indarrean jarriko ditu lege berriak, irizpide lausoen arabera, edozein lerratzeri atea irekiz.

LDH batasunak egiten duen diagnosia ez da epelagoa : “Erregimena aldaketa da, Vgarren Errepublikan, sekulan ez zen hainbeste botere bildu gobernuaren eskuetan”. Demokraziaren oinarrian den botereen banaketa aldatua da justiziaren kaltetan. Polizia- Estatu baten sortzea aipatzen dute batzuek eta besteek despotismo epelaren kontzeptua asmatu dute aldaketa irudikatzeko.

Paranoia eta lazakeria

Frantses Estatuan gertatu atentatu odoltsuen ondotik gobernamenduaren seguritate politikaren azterketa kritikoa biziki zaila bilakatu da. Paranoia edota lazakeriaren akusazioak ez dira sekulan urrun. Alta pasa den udaberrian Amnesty Internazionalak urgentzia egoeraren lehengo 18 hilabeteei buruko azterketa plazaratu zuen, egiazko desbideratzeak salatuz: tarte horretan 155 manifestaldi debekuak izan ziren eta 639 pertsonei manifestaldietan parte hartzea debekatu zieten, COP 21aren karietara edo lan legearen kontrako mobilizazioetan.

Salbuespen egoeraren nahigabeko ondorioak ala errepresio aukera ongi etorriak?  Nork daki?

2015eko azarotik urgentzia egoera sei aldiz luzatua izan ondoren, Macron eta bere gobernuak deliberatu dute seguritate lege berri bat presentatzea, 15 urtez hamabigarrena, salbuespen prozedurak lege arruntak bilakatuz.

Adibideak ez dira falta. Prefetak “babes eremuak” sortzen ahalko ditu leku edota gertakari bat terrorismoaren balizko mehatxu baten pean egonez gero. Eremu horietan inongo justizia eragileren esku hartzerik gabe, edozein kontrola haizu izanen da, polizi pribatu baten eskutik ere.

Elkartu eta manifestatzeko eskubidearentzat mehatxu serioa ikusten dute jurista batzuek prozedura horretan. Atzera egindako bidea nabaritzen da, oroitzen garelarik 70garren hamarkadan Kontseilu konstituzionalak autoko malaren miaketa bizi pribatuari erasotzat jotzen zuela!

2015eko azarotik urgentzia egoera sei aldiz luzatua izan ondoren,
Macron eta bere gobernuak deliberatu dute seguritate lege berri bat presentatzea,
15 urtez hamabigarrena, salbuespen prozedurak lege arruntak bilakatuz.

Marra gorriak zeharkatuak

Gisa berean orain arte lurraldeko zonalde mugatu batzuetan (mugak bereziki) posible ziren nortasun kontrol masiboak hedatuak izanen dira, aireportu, portu eta geltoki guztietara, hots frantses lurraldearen %29ra (populazioaren %67a bizi den lekuetan).

Inongo baimen juridikorik gabe poliziak 12 orduz (gaurko sei orduen ordez) kontrolak burutzen ahalko ditu, Konstituzioak bermatzen duen joan etorrien libertatea mugatuz. Cimade elkartea kezkatua agertu da aurpegiaren araberako kontrola legeztatu eta biderkatuko direla erranez, migranteen kontra bereziki. Halaber, pertsona susmagarrien egoitz-asignazioak prefetaren manuz ezarri eta altxatuko dira, justiziaren kontrolik gabe.

Zein izanen da hurrengo urratsa? Zein marra gorri zeharkatu beharko da hurrengo atentatuari erantzuteko? Epaiketarik gabeko espetxeratze administratiboa, eskuindar politikari batzuek proposatu bezala?

Ikusteko da eta eta hurbiletik segitzekoa ere, Ipar Euskal Herriko diputatu eta senatari berriek (legearen bigarren irakurketan) nolako jarrera hartu eta nola bozkatuko duten. Ezingo dute beste alde batera begiratu eta arinkeriaz jokatu. Aditu eta elkarte andana batek alerta piztu du. Behin baino gehiagotan frogatua izan da salbuespen neurriak ohikoak bilakatuz, murriztutako libertateak ez zirela errexki errekuperatzen.