M8 Greba Feminista

PrintFriendly and PDF

Emazteentzat den greba antolatu dute Euskal Herriko mugimendu feministek. Argia-ko “Bide luze baten abiapuntua” artikuluan, aipatzen da “ezker-eskuin begira aritu direla eredu bila: Islandia (1975), Herrialde Katalanak (2015), Polonia (2016), iaz berriz, 70 herrialdetan gutxi-gehiago zabaldu zen greba…“.  Jarraian zehaztuko den bezala, “ez da lanpostua babesteko lanuztea, ez da lan baldintza duinak aldarrikatzeko eguna. Emazteen bizitza duina eskatuko dute eta hori lortzeko lantokian, zaintza lanetan, ikasketetan, aisialdian, kalean, dituzten fronteak lehen lerrora ekarriko dituzte.” Ipar Euskal Herrian ere greba feminista sentiarazteko kolektibo bat sortu da, hitzordu ezberdinetara deia luzatzen duelarik, greba feminista egiteko hamaika molde direla argi utziz.

GrebaFeminista1

Martxoak 8: Greba feminista egiteko hamaika molde!!

MARTXOAREN 8KO GREBA FEMINISTA/EMAKUMEOK PLANTO !

2017ko martxoaren 8an sortu zen nazioarteko mugimendua segitzeko, Hego EHn grebak antolatzen dituen Bilgune Feministaren sustenguarekin, kolektibo bat sortu da Baionan.

Greba horren kari, hitzordu ezberdinak antolatuak dira :

- Martxoaren 7an, asteazkenarekin, 20:00tan, LGBT elgarretaratzea eta gero : bertsu poteo feministaren partitzea.

- Martxoaren 8an, ostegunarekin, 12:00tan : grabalarien piknika Herriko Etxearen aintzinean/ 20:00tan : Aitzinak antolatzen duen proiekzioa, Mami Txulan.

++++ 21:30tan KONTZERTU GAUALDIA MAGNETOn : PARPAING 2.2 + DJ ALOE VERA (PAF!) “Les Bruyantes” proiektuaren kari.

GrebaFeminista

 

M8an planto egingo dugu ARGIAko emakume kazetariok, komertzialok eta administrariok

ARGIAn 24 langile gara, hamaika emakumezko eta hamahiru gizonezko. Martxoaren 8an, ARGIAko egoitzan, gizonezko langileok baino ez gara arituko lanean.

Hala erabaki du langile batzarrak. Egun horretan emakumezko kazetariek (bi kazetari egun osoz eta beste bi praktiketan) greba aktiboa egingo dugu, hain justu, grebari oihartzuna emanez eta Euskal Herriko mugimendu feministak antolatutako ekintza eta manifestazioetan hartuko dugu parte. Gizonezko kazetariek (bederatzi) argia.eus-en greba feministaz informatuko dugu.

Erredakzioan askogatik gizonezkoak badira nagusi, administrazioan eta salmenta sailean aurkakoa gertatzen da. Bi sailak batera hartuta (hamar langile) bakarra da gizonezkoa. Emakumeok greba egingo dugunez eta ARGIAra deitzen duzunean egunero telefonoa hartzen duen langilea emakumea denez, martxoaren 8an gizonezkoek egingo dizuegu harrera.

M8ri buruzko langile batzarra baliatu dugu denon artean hausnartzeko gizon eta emakumeen arteko desorekez, zaintza lanez eta etxetik kanpoko ordainpeko lanez. Mahai gainean jarri da, adibidez, kazetari gehienak gizonezkoak izatea, saltzaile gehienak emakumezkoak, eta administrazioko langile guztiak emakumezkoak. Bestalde, grebarekin bat egitea aho batez onartu da, emakume langile guztiok adierazi dugu greba egingo dugula, baina greba egitea errazen ARGIAn dugula ere esan da. Izan ere, greba lantokian, ikastokian, kontsumoan eta zaintzan egitea eskatu du mugimendu feministak. Batzarrean emakume askok adierazi dugu zaintza alorrean planto egitea askoz zailagoa egingo zaigula. Eta hari horri tiraka beste mutur bat atera da. ARGIAk parekidetasuna babesten du eta bultzatzen du, ARGIAk bizitzea merezi duten bizitzak eraiki nahi ditu, eta beste makina bat enpresatan baino malgutasun handiagoz egiten dugu kale lantokian, haurrak, gaixoak, zaharrak zaintzeko, etxeko martxari eusteko…, hain ahaztua dugun bizitza horri heltzeko. Zer gertatzen da ordea, ARGIAk horrela jokatzen badu eta inguruko enpresek (ARGIAko lankideon bikotekide, senide eta lagunen enpresetan adibidez) ezikusiarena egiten badute? Zama ez da zabaltzen. Horregatik, ARGIAn lana bizitzaren parte izan dadin etengabe lantzen jarraitzeaz gain, gainerako lantokiak interpelatu nahi ditugu, haiena ere baden ardura bere egin dezaten.

Esandakoa, emakumeok planto egingo dugu. Gizonok lan egingo dugu ARGIAn, edo zaintza lanak beteko ditugu, edo biak batera, edo… Horretarako baita martxoaren 8ko greba, patriarkatuaren zimenduak astintzeko, edo sikiera egun horretan azkura egiteko.