Lurzaindiaz, espekulazioari mugak!

PrintFriendly and PDF

LurzaindiaLaborantza lurren atxikitzea garrantzi handikoa da lurraldearen eta laborantza garapenaren kudeaketan. Tamalez, laborantzan erabiliak izan diren lursail anitz ari dira azken urteetan galtzen Euskal Herri osoan: laborantzaz batere interesik ez duten lur erosleek bestelako ideiak dituzte espazio horiendako. Lur horien zaintzeko sortu da Lurzaindia, espekulazioaren kontra borrokatuz, lurrak kolektibizatuz, lurrak landuko dituztenek erabiltzeko.  Hots, Lurzaindiari esker, elikatzen gaituen ama lurra ontasun kolektibo bilakatzeko molde bat finantzatzen da,  lur horiek merkatu espekulatibotik betiko ateratuz!

2013an sortu zuten Lurzaindia lehen sektorearen borrokari lotuak diren lau egiturek: ELB laborantza sindikatuak, Arrapitz federazioak, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak eta Amap laborantza iraunkorrerako elkarteak. Lurzaindia bera sortu baino lehenago, bazen Lurra GFAM izeneko elkartea, gazteak plantatzeko xedearekin etxaldeak erosteko lanean ziharduena.

Lurrak kolektibizatu

Urte osoan diru bilketak egiten ditu Lurzaindiak, salgai diren lurrak eta laborari etxaldeak erosi eta horiek Lurzaindiaren proiektura batu ahal izateko. Merkatu espekulatibotik kanpo gelditzen diren lur horiek epe luzerako alokairuen bitartez laborari gazteei beren proiektuak aitzina ateratzeko parada ematen diete.

Gaur egun 400 lur hektarea ingururen eta 20 etxalderen jabe da kolektiboa, eta horietan lanean dihardute 29 laborarik. Lurraren eta Lurzaindiaren diru bilketetan, berriz, 3.500 bat akziodunek hartu dute parte urteotan.

Laborantza intsalazio kanpaina berria

Herritarren sustenguari esker, laborantza instalazio baten mantentzeko hasi duten kanpaina aintzinera doa. Gaur egun, Arrokiagako Eskanda etxaldean 50 ahuntzekin instalatua den Anne Lavis-en aktibitatea atxikitzeko behar diren 71.200 euroen %68-a bildu ditu Lurzaindiak.  Baina oraindik ere herritarren beharra bada %100 helburua lortzeko!  Nola kausitu urte bukaera aintzin ? Azpian den harpidetza lorturara joanez eta zuen inguruan aipatuz, elgarrekin gure lurraldea, gure laborantza lurrak eta gure laborarien lana zaintzeko parada balia dezagun!

www.lurzaindia.eu/index.php/ek/participer-eu

Beren aurrezkiari zentzu bat eman nahi duten guzien beharra badu Lurzaindiak: LURZAINDIAREN AKZIODUN BILAKA-ZAITEZ :

Gure akziodunen sostenguari esker, lur espekulazioaren kontra borrokatzen dugu, lurraren elikatze funtzioa begiratzen dugu, lurra ororen ontasuna izan dadin borrokatzen dugu eta heltzen gira! LURZAINDIAren sostengatzen eta ahal gehiagoren emaiten segitu behar da, guzien tresna delako! Pertsona, enpresa, elkarte bakotxak LURZAINDIAren akziodun bilaka daiteke, egitura bakotxak bere inguruan ezagutarazten ahal du eta hurbileko jendea motibatu berek ere proiektuan parte har dezaten.

Edozein pertsona fisiko ala moralak (salbu kolektibitatea) akzioak hartzen ahal ditu Lurzaindian, 20€-tik goiti.

Lurzaindiaren suskripzio orria aski da betetzea eta berriz itzultzea Lurzaindia-Haize Berri-64120 Izura/Ostabat-Asme.

Suskripzioak txekez, sosez, euskoz, biramenduz edo zuzenki web gunean ordain daitezke.
Sos plazamendua gutienez 5 urterentzat egiten da, Lurzaindiaren helburua baita lurraren erostea epe luzerako.
Suskripzio kanpaina 2017eko abenduaren 31an bururatuko da.

Lurzaindiari parte hartu !

Izen emaitea web gunean egiteko, klika jarraian:  www.lurzaindia.eu/index.php/ek/participer-eu/21-participer-fr/35-bulletin-de-souscription-pour-particuliers-ou-organisations