Laborantza kostaldean

PrintFriendly and PDF
Maryse Cachenaut
Maryse Cachenaut
Itsasun laborari, Xapata, Itsasuko gerezi ekoizleen elkarteko, lehendakari, Lurramako lehendakari, EHLGko eta ELB sindikatuko kide.
Beste artikulu batzu

DomainesduRefugeAngletBere urteko ekitaldi nagusian, hau da urtarrileko urte betetze eta bilkura nagusiko elgarretaratzean, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak iragan urteko lan sail nagusietarik bat aurkezten die bere kide eta laguntzaileeri. Aurten Acbako eremuetan gelditzen den laborantzaren aztertzearen eta egin daitezken proposamenen berri eman du. Hara segidan zoinbat ezaugarri. 

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak ospatu du urtarrilaren 16an bere 11garren urte betetzea. Lan sail nagusiak aipatu ditu eta aurkeztu du bereziki Ehlg-k ereman lana (Solagro eta BLE egiturekin) kostaldeko herri elkargoarentzat (Acba): laborantzaren diagnostikoa, bai ta ere erronkak eta perspektibak. Laborantzako lurrak azkarki ttipitu dira azken 60 urteetan ; eraikuntzek, azpi egiturek gaina hartu dute, hautetsiek sentsu hortarat ari izan baitira.

Jean-René Etxegaray, Acba-ko lehendakari eta Baionako auzapezak erran duen bezala “ainitz (sobera) eremu klasatuak izan dira eraikuntzako…. Hutsak egin ditugu… Adibidez, Angeluko baratzegintza azkarki ttipitu da, eta biztanleria 6.000etatik 40.000tarat emendatu da! Eremu batzu galduak dira, bainan bertze batzuen salbatzeko ez da berantegi”.

Berak dio, denbora ainitz galdua izan dela, eta erabaki onak hartu beharko direla, juridiko mailan bereziki, lurren babesteko. 400 ha bailatuak dira beti  laborantzako sektore horretan (%57arto eta%32 pentze), eta 26 etxalde gelditzen dira. Etxalde horiek 158 ha baliatzen dituzte. Arto egileak ez dira baitezpada bertako laborariak. Etxaldeen erdiak baino gehiago baratzegintzan ari dira, eta haien baldintza ekonomikoak ez dira biziki onak.

Hots, egoera aski zaila da, jakinez gainera etxalde gehienek ez dutela segida segurtatua!

Argi da beraz, desagertzeko arriskuan direla, ez bada deus egiten.

Aterabideak badira

Diagnostiko fina egin ondoan, Ehlg-k dio gaurko erronkak argiki agertzen direla : lurrak zaindu behar dira, laborantza iraunkorra garatu, lurraldeari egokitua  zaiona, eta ekoizpenak ongi balorisatu. Kostaldeko hautetsiek manatua zuten lan hau. Laster aurkeztua izanen zaie zehazki eta ageriko da ondotik, eskutan dituzten diagnostika eta proposamenekin zer erabakiko duten.

Aterabideak badira dudarik gabe. Lurrak babesteko tresna juridikoak baliatzen ahal dira, lurrak laborantzako edo eremu natural bezala klasatuak izan ditezen. Bestalde, SAFER, EPFL egiturek parte hartzen ahalko dute ere bai. Eta ber denboran, dexmarxta iraunkorrak eta zirkuito laburrak bultzatu beharko dira!

Lurtzaindiak ere bere rola ukaiten ahal luke lurrak erosiz. Urduri bagira ikusiz aintzineko urteetan laborantza nola desagertu den kostaldean, espero dugu, hala ere, erabaki onak eta konkretuak hartuak izanen direla hemenditk goiti. Ehlg-en urte betetze egunean hor ziren laborari eta Ehlgen lagunak konbentzituak ziren.

Galdea hauxe da: leku bat utziko dioguia laborantzari kostaldean? Ikusiko ze erantzun emanen dioten kostaldean.