Kosovo-tik Katalunia-ra

PrintFriendly and PDF
Jakes Lafitte
Jakes Lafitte
Ingeniaria
Beste artikulu batzu

KosovoKosovo eta Kataluniaren arazoen artean konparaketa batzuk egin dezakegunik bere buruari galde diezaioke batek baino gehiagok. Puntu komuna da, naski, biak oinarri etniko bat duten nazio askapen mugimenduak direla-eta.

1999-garren urteko udaberrian, Errumanian nengoela, bertako eta Frantses batzuren artean solasaldi bereziki gogorrak izan ziren, NATO erakundeak Serbian egiten zituen bonbardaketen harira. Frantsesek Albaniarren kontrako sarraskia geratu behar zelakoan, ados zeuden NATO-ren jarrerarekin. Errumaniar askok, aldiz, frantsesei hauxe erantzun zieten: “Eta Korsika Frantziatik unilateralki aterako balitz, zer eginen luke Frantziako armadak?”. Frantsesak naski mutu geratu ziren.

2005-garren urtean, Ibarretxe Planari ukoak, eta urriaren lehengoan Kataluniako erreferendumaren bortxaz debekatu nahi izanak, Madrilek, halako neurriak, proportzio guztiak kontutan harturik naski, irtenbide militar bat hartzear legokeela pentsa dezakegu. Zoritxarrez hala baimentzen du 1978-garren urteko konstituzioaren zortzigarren artikuluak. Espainiako Guardia Zibila Armadaren zati bat izanik, urriaren lehengoan botoen eragozteko Espainiatik polizia eta guardia zibilen igorri izana neurri zapaltzaile bortitzen abisu bat ote den kezka gaitezke. Beraz, ez da harrigarria Espainiako gobernuak Kosovoren independentziari “legez kanpo” dela baderitzo. Katalunia eta Euskal Herrira (Galiziara zergatik ez?) “eritasuna” heda ledin kezkatua baitago.

Alde bakarreko independentzia aldarrikatu behar zuen Puigdemont jaunak joan den asteartean. Baina zalantzazko erantzun bat eman du, beste independistak eta Espainiolistak jarrera deseroso batean ezarri dituena. Espainiako Gobernuak deklarazio argi eta garbi bat entzun nahi du, Puigdemont eta beste independisten kontrako zigorrak bideratzeko. Beste independistek, CUP-ekoek bereziki, independentziarako erabaki garbi bat nahi dute prozezua aurrera joan ledin.

Nire ustez, bakar-bakarrik ekin nahi ez duelakoan, dudazko deklarazio bat eginen zuen Puigdemont jaunak, beste nazioarteko erakunderik – Europako Batasuna bereziki – arazoan sararazi nahiz.

Haatik, behin baino gehiagotan Espainiako gobernuak negoziazio guztiei uko egin die, “Lege eta Konstituzioaren” markoetan egiten bada ezik. Baina, jakin badakigu konstituzio horrek Espainiar Estatuko Herrien eskubideak ez dituela onartu nahi, autodeterminazioarena bereziki. Europako Batasuneko agintariek adiarazi zutenaren arabera, ez dute liskar horretan sartu nahi, Espainiaren barneko arazo bat delakoan, eta laurogei ta hamar entitate dituen Europa bat Juncker jaunak gobernatu ez duela nahi. (Badakike-ia Luxenburg bere sortherria Generalitatea baino txikiago dela, eta Herri Katalanen elkartzeak Europako estatu zabal bat osatuko lukeela?)

Puigdemont jaunaren ihardespena igurikatzen delarik, beldurraren politikan ari dira Espainiako agintariak eta botere ekonomikoak: Polizia eta Guardia Zibilaren ekintzak lauda; Espainiako Batasunaren aldeko manifestazioak eta ekintzak; talde faxisten aurkako ezaxolakeria; Madrilen Hispanitatearen Egunaren karira egin den desfile erraldoiagoa; denbora berean enpresa askok beren egoitza soziala, (baina kapitala eta eraikinak ez) Generalitatetik kanpora eramatea. Azken horretan gauzak nola gertatuko direlako kezka eta xantaiaren nahasketa badakusakegu; gogorren eta okerrena “Puigdemont Companys bezala bukatuko dela” Casado jauna Kataluniako PP kideak esatea da. Deklarazio erasokor eta kezkagarria: historia ezagutzen badu jakin behar du Companys Errepublika gartzelaratu zuela eta gero frankistek tirokatu zutela, Frantziako naziek estraditu ondoren. Honi buruz bere deklarazioa argitu beharko luke: zein ote da itxaroten duen bukaera? Espetxeratu ala erailtzea? GAL-eko aferaz jakin ondoren, denetarik igurika dezakegu Espainiako agintariengandik.

Baina militarki Espainiako jarrera gogortzen bada, armada Kataluniara igorriaz alegia, zer izanen da Europa eta Nazioartekoaren erreakzioa? Barneko arazo bat izanik, ez ote dute zapalkuntza eta agian erailketen aurka ezer eginen? Hala ezbada oso dudagarria deritzot Europako Batasunari Bakearen Nobel Saria eman izanari. Hobeki izanen da Nazio estatuen batasun sakratuen desegitea eta benetako nazioek euren nortasuna eta ekonomia gara ditzaten uztea.