Katea

PrintFriendly and PDF
Andde Sainte-Marie
Andde Sainte-Marie
Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia.
Beste artikulu batzu

KateaKate luze batean kate soil bat gira, historia luze baten katean kate soil eta ttipi bat. Herri ttipi baten kate luze hortan milaka eta milaka emazte eta gizon anonimo edo ezagunek katearen katea osatu dute molde bereziz, hau da euskaltasuna edota abertzaletasuna hazi nahiz. Katea osatu, azkartu eta herri ttipi honen bizkar hezurra gisa hortan osatu ere da hainbatetan.

Bere baitan hain barnakorki sustraituak giren herri huni gure lekukoa eta ahal humanoa molderik segituen eta umilenean ekartzen entseatzen gira, gure aintzineko ainitz eta agian gure gibeletik etorriko diren beste ainitz bezala. Herri bat, herri hau eraikitzen egunerokoan eta sudur punta baino urrunago so eginez herri hau nazio bilakarazten, burujabe izaiten laguntzen egunerokoan. Helburu hori, helburu legitimo hori, eguneroko amets eta urrats demokratiko gauzatzen dugu gure eguneroko ekintzen bidez, izan kulturala, ekonomikoa edo politikoa. Ainitzetan denak lorioski nahasiz ere. Herri helburu hori eguneroko errealitate batetik oinarritzen dugu eta errealitate horrek behartzen gaitu ohartzerat gure ingurumeneko herritargoa ainitza dela jitez, pentsamoldez eta helburuetan ere. Konstatazio horrek behartzen gaitu gure helburuak lortzekotan, gure irizpideak desberdin pentsatzen dutenekin kontrajartzen eta argumentoaren indarraz soilik, deus inposatu gabe urraska aintzinatzen joaiten. Hego baita Ipar Euskal Herria denbora pasatu ahala, ez da lineario eta mugitu gabeko espazio bat. Jendartea aldatu da, aldatzen da eta baita oraino gehiago aldatuko ere. Herri hunen estruktura demografikoa, soziala, ekonomikoa eta kulturala ere agian mugitzen segituko da. Aldaketa horiek gorputz elektoralean ere gertatu dira eta gertatuko ere. Mundu mailako zirkunztantziek eta herritar bakotxaren norabide pertsonal eta sozialak ere bere zeregina badu euskal herritartasuna bizitzeko eta asumitzeko moldean.

Bortizkeriari edo irainari ez

Globalizazioak, migrazioek, interaldaketa interkulturalek, krisia ekonomiko finantziarioek bortxatzen gaituzte aitortzerat geroa zer nolakoa izanen den ez dela errexa asmatzea. Deus ez da iraganean edo gauregun bezala izanen. Anartean aldaketa horren begirale izaiteaz gain, aktore ere izan behar dugu. Euskal herritartasuna sustraitzen eta xertatzen segitzerat “bortxatuak” gira jendarte zibil eta mugikor hortan eraginkor eta entzunak izaitekotan. Kate luze hari kate berri bat gehitzeko, helburuetan deus ukatu gabe eta segituz kanalizatzen herritargoaren interes eta kezka berriak. Soilik konektatuz eguneroko herritargoaren behar xume edo garrantzitsueri gira kapable izanen bizi giren espazio huntan, Euskal Herria deitzen den huntan, pertsonalitate kolektibo bat, batu bezain desberdindu bat badagoela ondorioztatzen eta pertsonalitate kolektibo gisa bere nortasun propioa afirmatzeaz gain, gai dela idekitzeko munduari, beharrez molde solidarioan ere.

Soilik konektatuz
eguneroko herritargoaren
behar xume edo garrantzitsueri
gira kapable izanen
bizi giren espazio huntan,
Euskal Herria deitzen den huntan,
pertsonalitate kolektibo bat
badagoela ondorioztatzen.

Konpromiso ederra da egiazki egunerokoan segitzea sintonizatzen hazi eta hazten gaituen borondate politiko hori herritargo osoaren interes, behar eta arazoekin. Desafio pasionantea bezain baitezpadakoa, kolektiboa eta solidarioa zointan gai izan behar dugun euskal nazioa inklusiboa eta integratzailea bilakarazten egunerokoan.

Gisa hortan katea ez da hautsiko eta kate izaiten segi lezake. Gisa hortan euskaldun gisa segitzen ahalko dugu Bai ozen bat oihukatzen bizitzari, debate kontrajarriari, elkarbizitzari, ezberdin pentsatzen duenari errespetatzen.

Alderantziz Ez ozen bat oihukatzeko gai izanen gira bortizkeriari, irainari eta konfrontazio antzueri.

Kateak kate segitzekotan, atraktiboa eta konprometitua eta konektatua izan beharko du aldaketa sozialekin, hauek asumituz eta ondorioz norabide eta ekinbide politikoak sintonizatuz aldaketa horieri.

Euskal herritargoarekilako kontratu berritua

Gaurkotasunak eta gero hurbilak eskatzen digu konpromisoa eta nolabaiteko kontratu berritu bat euskal herritargoarekin.

Kontratuak izan beharko du transbertsala eta errespetuzkoa herritargo plural horrekin. Konstatazio horrek behartuko gaitu ere bide berriak jorratzea euskal herritargo berritu bati bide emaiteko.

Nazio berritu bati bide emaiteko. Konpromiso eta kontratu arraberrituak herritargo osoarekin adostuz soilik dugu molde ausartean idatziko gure gaurkoa eta geroa. Ezberdin pentsatzen dutenen artean gai izanen ote gira bizi demokratikoa hobetzeko, hurbileko instituzioen kudeaketa segurtatzeko? Gai izanen ote gira mestizaje problematikak asumitzeko eta “euskal” herritar berri horieri gure euskal aldarrikapen nazionalak atraktiboak bilakarazten ? Gai izanen ote gira efektiboak bihurtzen burujabetza konpartituak mundu global interdependiente batean ? Apustu seriosak eta sarkorrak euskal geroa konpartitzeko ezberdinen artean, gisa hortan ere eztabaidatuz burujabetza bideen modernitateaz eta norbanakoaren edo giza kolektibo baten nortasun partekatuaz geroz eta gehiago globalizatzen ari mundu batean.

Dena borobiltzeko gehituko dugu bakotxak desio duen ongizaite sozial eta ekonomikoa, garapen sustengagarria, energia berriztatzaileak, ekologia eta klima aldaketak, aldebikotasuna, akordioak, estatuen hertsitasun jasangaitzak…

Urrundik osatzen hasi den katearen desafioa. Egungoa eta biharkoa.

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak