Osasuna eta askatasuna
Elixabet Etxandi, Ipar Euskal Herriko GKSko kidea - Urrun dira koronabirusa aipatu eta irri egiten genuen garaiak. Gauza anitz aldatu dira urte hastapenetik, pandemiaren zabalpenak jadanik egonkortua zen krisi kapitalista garatu duenetik. Gure osasuna estakuru gisa hartuz, neurri politiko autoritarioak aplikatu dituzte burgesiaren tresna diren estatuek, gure egunerokoa beharrezkoa zaien erritmora egokituz. Bigarren konfinamendu honen erabakia ikustea besterik ez da ulertzeko langileen osasuna bermatu beharrean, kapital handiaren jabeek nahiago izan dutela beren irabazien akumulazioa segurtatu, produkzioa segituz. Horretarako, esplotatzen duten langile klasea lanera joatea obligatzen dute, proletarioaren osasunari gaina hartzen baitio irabazi-tasaren egarriak.
Krisi garaiek gizartearen berregituratze sakonak ekartzen dituzte. Burgesiak lehen zuen akumulazio gaitasuna atxiki nahi du, eta hori gauzatzeko, beharrezkoa zaio lanaren gaineko esplotazioa azkartzea. Etxeratze agindua, konfinamenduak eta orokorrean, kontrol sozialerako beste neurri murrizgarriak ezin ditugu testuinguru honetatik kanpo ulertu eta borrokatu. Azken aldian, ofentsiba kapitalista honek nagusiki bi fenomeno ezarri ditu gure biziaren erdigunean: pobretzearen zabaltze orokortua eta askatasun zibil eta politikoen urraketa.