Irakasle eskasia eta frantsesa

PrintFriendly and PDF
Eneko Bidegain
Eneko Bidegain
Mondragon Unibertsitateko irakaslea, ikus-entzunezko komunikazioan. Berria-ko kazetari ohia. Idazlea.
Beste artikulu batzu

IrakasleEnbata Hilabetekariko Sar Hitza

Urterokoak dira Frantziako Hezkuntzaren eta Seaskaren arteko kalapitak, lanpostuen harira. Aldi berean, Frantziako ikuskari akademikoek diote sare publikoan falta dutela euskaraz irakasteko gaitasuna duen jendea, gero eta handiagoa den eskaerari aurre egin ahal izateko. Ahalkerik gabe erraten dute euskarazko irakaskuntza zabaldu behar dela, baina ez dagoela irakaslerik, ohartu gabe edo kontuan hartu gabe Bidasoaren bestaldean ehunka gazte daudela irakasletza ikasketak egin dituztenak eta oraino lanik gabe daudenak.

Bai, baina…”. Beti dago “bai baina” bat, ideia onari hesiak jartzeko. “Bai, baina” frantsesa jakin behar dute Ipar Euskal Herrian irakasteko konkurtsoa pasatzeko. “Bai, baina” EAEko zerrendetan emana dute izena, eta handik deitzen dituztenean, egunetik biharamunera uzten dute han nonbaiteko aldi baterako postua, etxe ondoko ikastolara joateko…

Ez dago “bai, baina”-rik. Hego Euskal Herrian badago haur eta lehen hezkuntzako irakasle izateko unibertsitate gradua, lau urtez egiten dena. Frantziako unibertsitate sisteman ez dago halakorik: hiru urteko lizentzia bat egin ondoan, ikasleek irakasle izateko lehiaketa prestatu behar dute. Lehiaketa hori frantsesez da. Irakasle izateko ikasketa espezifikoak egin dituztenek zergatik behar dute beste azterketa bat egin, Ipar Euskal Herrian euskaraz irakatsi ahal izateko? Badute beren agiria. Zergatik ez zaio agiri horri balioa aitortzen? “Bai, baina…” Frantziako hezkuntza sisteman sartzeko, nahia ala ez, Frantziak jartzen duen konkurtsotik pasatu behar da. Horrela da. Ezin da hori kendu. Frantziak hori ez du sekula onartuko. Ez tematu horrekin. Konforma zaitez erantzun horrekin! Akademia ikuskariak aitortzen du Hegoaldean formatutako irakasleak biziki ongi formatuak direla. Baina Frantziako hezkuntzaren ateka zeharkatu behar dute. Ez dago beste biderik.

Frantziako hezkuntza sisteman sartzeko,
nahi ala ez,
Frantziak jartzen duen konkurtsotik pasatu behar da.
Horrela da. Ezin da hori kendu.
Frantziak hori ez du sekula onartuko.

Aldi baterako utz dezagun bazterrean Euskal Herriaren argudioa, ahantz dezagun onartezina dela irakasle izateko diploma Euskal Herrian lortu duenak Euskal Herrian irakasteko zailtasunak izatea. Frantziako Hezkuntzako arduradunei hori ez zaie inporta, eta Frantziako Hezkuntzako sisteman sartuak diren euskaldun anitzek ere onartua dute ezintasun hori. Ulergarria ote da halako mugak jartzea Europako Batasunaren barnean? Ikasleen mugikortasuna eta abar aipatzen direnean?

“Bai, baina…” badago aterabidea! Euskararen Erakunde Publikoak aukera bat proposatzen du Ipar Euskal Herriko irakasleek euskara ikas dezaten edo Hegoaldekoek frantsesa. Bi urteko erabateko murgiltze bat proposatzen diete Hegoaldekoei, Bordelen. Beraz, egin ditzagun kontuak. Irakasletza gradua: 4 urte. Frantsesa ikasteko formazioa Bordelen: 2 urte. Irakasle izateko konkurtsoa Pauen: beste urte bat (gutxienez). Orotara zazpi urte. Soldata: Hego Euskal Herrian baino frango apalagoa. Norbaiti iruditzen zaio planteamendu hori seriosa dela? Hori ez dela Euskal Herriaz eta euskaraz trufa egitea?

Ez dago modu hoberik euskararen garapena trabatzeko: prentsaren aitzinean espantu egin euskararen irakaskuntza sustatzeko neurriak aurkitu dituztela erranez, funtsean, arazoari ez zaionean aterabiderik aurkitzen. Ipar Euskal Herrian euskara berreskuratzen hasi nahi bada, irakaskuntza orokortu behar da. Irakasleak badira, lan bila dabiltzanak. Baldintza onak eman behar zaizkie Lapurdin, Nafarroa Beherean edo Zuberoan irakats dezaten. Eta ez eginarazi traba edo oztopo-lasterketarik. Egin dezagun euskararen irakaskuntza plangintza, Euskal Herri osotik, Euskal Herri osorako. Mapa administratiboa ez bada gainditzen, ez dago salbamendurik.

Utz iruzkin bat

Zuen emaila ez da sekulan argitaratua izanen, ez eta ere komunikatua. Betetzea baitezpadakoak diren guneak * batekin markatuak dira.

Connect with Facebook

*
*

Ondoko HTML elementuak erabil ditzakezue <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>