Herria eraiki, herriak erabaki!

PrintFriendly and PDF

EH Bai mugimenduko eta Aitzinako gazte antolakundeko kideek aurtengo Aberri Eguna elkarlanean antolatuko dugu Donibane-Garazin. Aberri Eguna, hizkuntzak eta kulturak ezaugarritu eta kolektiboki existitu nahi duen herriaren eguna izatea nahi genuke.  Independentistak Sareak Iruñerako egin duen deialdiaren logika berean kokatzen dugu gure ekimena. Frantses eta Espainiar estatuek deuseztu nahi izan dituen euskal lurraldeen arteko lotura,  sozial, politiko, instituzional eta kulturalak berreraikitzea dugu helburu. Euskal Herritar gisa, herria eraikitzeko engaiamenduan berresten gara eta oroz gain, herriak erabakitzea aldarrikatzen dugu.

Herria Eraiki

Urte luzeetako borrokak, Euskal Herriaren ezagupenaren eta bestelako jendarte baten aldeko  egitasmoak plantan ezartzeko baldintzak sortu dituzte. Erresistentzia eta eraikuntza ibilbide oparoa du Ipar Euskal Herriak.

Biharko  herri  euskaldunaren  oinarriak  jartzen  dituen  Seaska;  laborantza-eredu  herrikoi  eta  jasangarria sustatzen duen Laborantza Ganbara; Tokiko ekonomiaren bidezko garapenaren akuilu  den  Euskoa  edo  energia  burujabetzaren  alde  ari  den  I-Ener… eta  aipatu  ez  ditugun  beste   hainbeste. Hamaika proiektuk eraikitzen dute gaurtik hasirik biharko nahi dugun herria.

Herri borroken adibide gisara, langileen eskubideen defentsarako dinamikak, mugimendu feministaren mobilizazioak edo etorkinen aldeko ekimenak ere aipagarriak dira. Aniztasuna ukatzen  duen ikuskera uniformatzailearen aitzinean, ezberdinen arteko elkarbizitzan oinarrituriko Euskal  Herria dugu helburu. Proiektu inklusiboa da gurea, Euskal Herrian lan egiten eta bizi den orori  zabalik dena. Borroka anitzak batuz, autoeraketa eta eraldaketa prozesuak indartzea dagokigu.

Herriak Erabaki

Azken hamarkadetako mobilizazioei esker, Frantses iraultzaz geroztik, Ipar Euskal Herriak izan  duen lehen ezagupen instituzionala lortu dugu. Euskal Elkargoa lehen eta azken urratsa da Frantziarentzat. Instituzio berri hau asimilazio kuadro bat bilaka ez dadin, Euskal Herriaren biziraupena bermatzeko eta jendarte justuago bat eraikitzeko, urratsez urrats, instituzio burujabeagoak  erdietsi behar ditugu. Hiru euskal eremu administratiboen arteko loturak, helburu dugun Euskal  Herriaren lurraldetasuna irudikatzen du.

Espainiako  estatu  antidemokratikoari  buru  eginez,  Kataluniako  herritarrek  bozkatuko  dute.   Korsikako  herriaren  borondatea  Frantses  Estatuaren  ukapenarekin  talka  egiten  ikusi  dugu.  Independentzia erreferenduma izanen da udazkenean Kaledonia Berrian. Herrien aroa da hau,  erabakiaren  aroa.  Herri  orok  du  bere  geroaz  erabakitzeko  eskubidea  eta  erabaki  hori  egikaritzeko zilegitasuna.

Gure  lurraldearen  ezaugarriek,  krisian  dagoen  sistemari  alternatiba  eraldatzailea  eraikitzeko   oinarri sendoak eskaintzen dizkigute. Hemen eta orain instituzioak herriaren zerbitzura ezarriz,  bestelako  eredu  bat  posible  dela  frogatu  nahi  dugu.  Ahate  hazleen  alde  eta  urre-meategien   aurka  lorturiko  garaipenak  lekuko,  boteretze  kolektibo  batek  bide  eman  diezaioke  herriaren   erabakiaren errespetuari.

AberriEguna