Ez naiz “anti” bat!

PrintFriendly and PDF
Panpi Sainte-Marie
Panpi Sainte-Marie
Landibarren laborari, ELB sindikatuko idazkari nagusia.
Beste artikulu batzu

HartzaEz da oraikoa, azken denbora hauetan, hartzaren aldekoen eta kontrakoen arteko auzia minberatzen ari da. Pirineetako mendietarat berriz ekarri behar dira hartzak? Baietz diote bioainitztasunaren aldekoek. Ezetz, aldiz, uda mendian iragaiten duten artzainek. Hona hemen ene ikusmoldea.

Ez naiz “anti-ours”, “anti-biodiversité”, “anti-écologie” delako bat. Sobera errexa, sobera sinplea litaike nere ikusmoldea horretara mugatzea. Preseski argiki erraiten dut, nik pertsonalki eta ELB-ren izenean ere, ez naizela, ez girela hartzaren kontra, baina hartza artzaina bizi den lekuan sartzearen kontra. Hartza kabala ederra da besteak bezala eta ez da desagertzekotan. Ehunka, ez bada milaka badira Europa erdialdean, ekialdean, milaka Ipar Ameriketan. Bai egia hemen, hemengo hartza, Pirinioetakoa desagertu da eta erran ditaike gizakiak desagertarazi duela, emeki emeki.

Bi ohar, bi konstatazio horiek egin ondoan, nik herritar, laborari, sindikalista gisa, ikusmolde bat hautatu behar dut, ahal bezain orekatua, baina errealitate bat kondutan hartzen duena.

Zein dira errealitate horretan ikusten ditudan elementuak:

  • Azken aste hauetan milaka ardi, milaka behi, zaldi igan dira gure bortuetarat, Baigorritik goiti, Garazitik goiti, Arbailletara, Xiberuko eremu zabaletarat.
  • Hamar milaka hortzek lanean diraute egunaz eta gauaz ere berant arte. Milaka hortz horiek bazterrak alhatzen dituzte erreka zoletarik kaskoetaraino. Gisa horretan dira gure bazterrak hain eder.
  • Jakin behar da ere Oztibarre, Garazi Baigorri aldean artzainak etxolaka bakarrik direla artzaingoaren egiteko. Badira goizik joanak eta bortuan gasnak egiten dituztenak eta beraz egunero han direnak beren ardi saldoen aldean, gibeletik. Badira beste batzu aldiz ardiak antzuturik goiti joanen direnak denbora laburrago batendako eta frangotan, besoak eskas direlakoan, ardien itzulia egineta berriz jausterat behartuak direnak peko etxaldetarat belar eta soroen egiteko.
  • Xiberuan aldiz desberdina da. Han etxolak, olhak, kolektiboak dira eta 6,7 artzainetaraino badira olhako beraz han beti bada norbait ardien gibeletik.

Zergatik hori diot?

Eslobeniatik ekarririk, hartza hemen sar daitekeela diotenek, hau azpimarratzen dute : “artzaingoa egiazki egiten bada” egun guzian ardiak segituz, Patou artzain zakurrak ezarriz ardi saldoen erdian, gauaz ardiak parke elektrikoetan zerratuz, etab., baldintza hauetan artzainak, ardiak eta hartzak elgarrekin bizitzen ahal direla. Eskualdeko arduradun politiko zonbaitek, prefetak, Biarnoko artzain batzuek eta herritar anitzek ere hau diote, dudarik gabe fede onez.

Bainan nik, guk, elementu anitz baditugu hartzarekin elkarbizitzea ez dela posible erraiteko.

Biarnoan bi hartz dira gehien gehienik bortu eremu zabal zabaletan. Gainera hartzak ez du mugarik ezagutzen eta berdin Nafarroa garaieko oihan eta bortuetarat joaiten da, edo berriz Aragoi alderat. Beraz hitz gutiz erraiteko, ez da makurrik gertatuko hemen gaindi ez bada gehiagoko hartzik sartzen.

Aldiz, Ariège-ako adibidea hartzen badugu, zinez ohartzen gira, 50 hartzek zer nolako makurrak egiten dituzten hango ardi saldoetan. Ariègea-ako Confédération Paysanne-eko artzain lagun batzuen lekukotasunek arrunt konbentzitu naute: beraiek ere diote hatsarrean uste zutela elkarbizitza posible izanen zela, aurreiritzirik ez zutela, nahi zutela entseatu. Baina laster errealitateak harrapatu ditu. Aro txarra izaitea aski da, lanoa tinki tinkia, hartzak ardi bat edo beste berekin eraman ditzan. Edo berriz, hartzak ardiak iziaraziko ditu eta erroitzara beheiti igorriko, hamarnaka. Guk ez dakigu oraino hartzekin bizitzea zer den. Han aldiz bai.

Oraino ordu deno borrokatzeko erraiten daukute eta hartzak Pirinio alde huntara sartzera ez uzteko. Ministeritzan Parisen, Bordeleko, bulegoetan teorizatzen ahal da, baina bortuko errealitatea bestelakoa da. Hartza zure inguruan duzula badakizularik, ez da gehiago ez kabalarik ez artzainik lasai dagoenik bortuan.

Zer nahi dugu? Zerk du bortua biziarazten? Bioaniztasuna mantentzen? Laborantzak, artzaingoak ala hartzak eta otsoak?

Otsoa ere ez baitugu urrun, ez bada jadanik hemen, seinale batzuek dioten bezala.

Ala bortua emeki emeki utzi behar da basatzerat? Nik hautua egin dut, ELB-n hautua egin dugu. Bortu bizi baten alde, artzaingoaren alde, mendialdeko herri ttipien alde, borrokatzen segituko dugu.

Xehetasun gehiago irakurtzeko : “Les Bergers plus utiles que les ours”, L’Express astekaria, Michel Feltin- Palas, 30/04/2018

2 Comments

  1. Jakes LAFITTE
    Posted 09/07/2018 at 18:58 | Permalink

    Nik uste dut hartza eta artzainak elgarrekin bizi daitezketela, XIX garren mende arte egin den bezala eta gaur ere Errumanian edo Asturietan egiten den bezalaxe. Baina artzainari hartzen erasoetatik bere artaldeak zaintzeko ahaltasuna baimendu behar zaio: txakur azkarrak , hesolak, lotan hartza ezartzen duten kartutxak, xispak, abusua ekidinez dudarik gabe Ipar Euskal Herrian ez luke arazorik izan behar, hartzaren eremua daiekeen herrialdea basaburua baita. Arazoa izan daiteke Basanafarroan, Lapurdin eta Pettaraneskualde horik hartza normalki bizi dadin eginak ez baitira. Bizkaia eta Gipuzkoako herrialde menditsuetan are gutxiago , herriak elkarrengandik urrun ez direlako eta gauaz janariaren bila hartza herri inguruetako etxeetaraino sartzen ahal delako janariaren bila. Halako fenomenoa gertatzen da Transilbanian dagoen Basov hirian.

  2. JSM
    Posted 10/07/2018 at 10:05 | Permalink

    Adio Pampi,
    tout à fait d’accord, la question n’est pas pro ou anti-ours…Hélas encore et toujours, les mesures de réintroduction font office de programme au rabais pour un ministère de l’écologie incapable de mettre en place une vrai transition écologique, limitée les pollutions chimiques comme à Lacq et plus globalement questionner la société de consommation… Dit autrement, on impose plus facilement l’écologie à quelques bergers qu’au dirigeants du CAC40. Enfin, l’ouvrage suivant est très bien fait et t’intéressera :
    https://www.monde-diplomatique.fr/2013/10/MORA/49744
    Egon pixkor