COP 21

PrintFriendly and PDF

XurioKlima

 

Xurio-ren Iritzi Artikulua

Duela kasik urte bat, COP 21 delako mintegi erraldoia bukatu zen Parisen bere alde on eta txarrekin. 175 herrik aro aldaketaren aurkako hitzarmen bat(1) izenpetu zuten. Ikusiz mundua nola den, hori lortzea ez da hain gaizki bainan geroztik igorri zauzkigun seinaleei begiratuz erran genezake jadanik urratze larri batzuk abiatuak direla.

Frantziatik hasita, jendeek erabaki dute aireportu bat sortzea Notre Dame des Landes herrian(2) eta hunkitzen gaituen beste proiekto bat baietsi du frantses gobernuak, alegia AHT Hendaiaraino lutzatzea, hau Jaurlaritzaren onespenarekin.

Ez du balio oroitaraztea duela bost urte jada, Enbatan berean idazten genuela gure munduak, gure lurrak beharko lukeela beste lur bat et’erdi munduko biztanleria ongi artatzeko(3).

Munduko biztanleria? Jadanik 7 miliar jende gira eta, omen, 10 edo 11 miliar izanen gira 2050. urtean. Hortaz mintzatzea ez da haizu eta tabu hori aipatzea bera gaizki ikusia da. Frantxoa Aita Sainduak, bere entziklika interesgarrian, Laudate Si, gai horretaz hitz guti derabil; bakarrik, lurrak biztanleria osoari jatera ematen ahalko diola(4). Alta jende emendatze horren ondorioak arlo guzietan errexki asma ditzakegu.

Munduko beste adibide batzuk hartzen baldin baditugu, miliar bat pasa daukan India herriak, ekonomia garatzeko, zentral termikoak biderkatu behar ditu eta ondorioz airea kutsatuko du sekulan baino gehiago. Denbora berean, eguzki indarreko iturriak ere biderkatuko ditu.

Azkenean, zoin gehiagoka hortan nork irabaziko du? Hubert Reeves- ek zion “ez zakiela nork gaina hartuko zuen”. Halere aitortu du, dena kontutan hartuz indar suntsigarriak gero ta indartsuagoak direla; horren ondorioak zerrendatuz: aro aldaketak, hiri-megapolen desorekak (jendeen nahas-mahas metaketak), uraren eskas larria, ipar poloko hormen urtzea, biztanleriaren emendatzea, itsasoko uren goratzea, aipatu gabe herri lokarrien desagerpena, gizarte bortizkeria, gerlen arriskua beren zartagailu nuklearrekin eta abar.

Errealitate dorpe horren aitzinean, nor altxatzen da edo nork altxatu beharko luke? Iduriz, ezintasuna da nagusi. Neurri batean bederen, erlijioneek gaitz horiek guziak salatu beharko lituzkete. Bainan haiek ere bikoitzak dira, beren alde ilunekin. Batzuek uste dute transhumanismoak eta teknikak mundua zilotik ateratuko dutela.

Eta zer ikusten dugu gure Iparraldean? Etxegintza gero ta gehiago hedatzen, laborantza lurrak ttipitzen, bideak doblatzen, aparkalekuak nonahi sortzen, saltoki guneak zabaltzen… Desoreka horiek geroan nekez aldatzen ahalko ditugu. Herri elkargoa zinez eskutan baldin badugu, aski ausartzia ukanen ote dugu, herriaren bilakaera beste gisa batera moldatzeko ? Lekuko desafio gaitzaren aitzinean gira. Zer bilakatuko da gure Euskal Herri ttipia hemendik hogoi urteren buruan ? Indar abertzaleek xede bilgarri eta sinesgarria asma ote dezakete? Bizi! elkartearen ideiak kontutan hartuz, eta beste elkarte batzuen xedeak ere, herritarrek zoin xede egin dezakegu epe labur eta ertain batean? Ulertu dutanez, jokoan diren eskumenak hauek dira : lurralde antolamendua (etxegintzaren oreka, hirigintza, buhame guneen kudeaketa, lekuko bide sareak), garraioak, ingurumena (uraren kudeaketa, uraren garbitzea), hondakinak, euskararen ofizialtasuna, gune ekologikoen babesa, jendeen gizarte laguntza, asmo kulturalak eta kirolak. Beraz, sail horietan guzietan, bada zer egin. Halere, ohartzen gira Bizi-ren ideien mugak agerian direla : ez dute ezer erraiten Euskal Herriak bizi dituen desoreketaz(5). Errealitatetik abiatuz, nola uztartu projekto politikoa eta projekto ekologikoa Iparraldearentzat, beti demokrazia eta araudi etikoak errespetatuz?

1) Maroc-eko COP 21 hitzarmena -azaroaran egin behar dena-175 herrik izenpetu behar zuten. Gaurregun 30 herrik bakarrik izenpentu dute, Txina eta Ameriketako Estatu Batuak barne!

2) Erreferendum bat egina izan da eta % 55ak hegazkin zelaiaren alde bozkatu du.

3) Zenbaki horiek dira frantsesen heinean bizi bagina. Amerikanoak bezala bizitzeko, 4 lur beharko lirateke!

4) Aditu guti biztanleriaren emendatze horretaz ohartu dira. Beharbada, arazo hau berantago gertatuko baita, ez da zinez agertzen. Jadanik, Lévy-Strauss erran zaukun duela hogoi urte pasa: “Kontrolarik gabeko biztanleriaren emendatzeak jasan ezinezko mugarat eramanen gaitu. Hemendik aitzina, jadanik bat bestearen gainean gaude”.

5) Elkarteek eta herritarrek Iparraldearen garapen ekologikoa gogoetatu beharko lukete, ezohiko bide berriak idekiz.

One Comment

  1. Berdio
    Posted 24/11/2016 at 14:35 | Permalink

    Agur Xurio,

    Azaroko Enbata hilabetekarian agertu den eta orain Enbata.info-ren bidez hedatua den zure “COP21″ azterketak goraipatzen duen errealitatearen parte handi bat ahanzten duela iduri du.

    Bizi! mugimendua aipatzen duzun pasartean hain xuxen ere “…ohartzen gira Bizi-ren ideien mugak agerian direla: ez dute ezer erraiten Euskal Herriak bizi dituen desoreketaz. Errealitatetik abiatuz, nola uztartu projekto politikoa eta projekto ekologikoa Iparraldearentzat, beti demokrazia eta araudi etikoak errespetatuz? Elkarteek eta herritarrek Iparraldearen garapen ekologikoa gogoetatu beharko lukete, ezohiko bide berriak idekiz….” .

    Alabainan, Bizi! mugimenduak argi utzi du 7 urteko iblbidean garraio, kontsumo, energia, finantza, etab. arloetan nahasmendu klimatikoa eragiten duten gure jendarteko egiteko molde traketsen salatzeaz gain gure lurraldeko errealitateari lotuak diren alternatiba zehatzak proposatu behar direla aldi oro.

    Hara hemen Ipar Euskal Herriak bizi dituen bi desorekentzat (Herriko Etxeen mailan eta enpleguen arloan) Bizi! mugimenduak plazaratu dituen tresna balios bezain lagungarriak :
    * Klima-energiari buruzko Tresna Kutxa eta Trantsizio Energetikoaren Ituna, Ipar Euskal Herriko jendartearen %75a ordezkatzen duten 30 Herriko Etxeetan gauzatzen ari dena 2014etik geroz: xehetasun guziak eskuragarri dira ondoko helbidean (https://bizimugi.eu/eu/talde-tematikoak/trantsizioa)
    * Iparraldeko enplegu klimatikoei buruzko ikerketa: non argi eta garbi ikusten den alternatiba bizikor, egingarri eta gainera enplegu sortzaile bezain gutiziagarriak badirela. Xehetasun guziak eskuragarri dira ondoko helbidean (https://bizimugi.eu/eu/talde-tematikoak/lana/bihar-10-000-enplegu-klimatiko-iparraldean).

    Zure azterketaren sakontzeko, pena merezi du Enbata.Info-k agertarazi duen “http://eu.enbata.info/artikuluak/biziren-2016-2020-bide-orria/” artikuluaren hurbilagotik so egitea, bertan “belaunaldi ezberdinen nahastea, eta abertzale eta ez abertzaleak elgarrekin lanean arizan araztea lortzen duen euskal mugimendu altermundialistaren” 2016-2020 bide-orri argigarri bezain lagungarria topatuko duzu. Egoeraren eta errealitatearen azterketatik harat alternatiben plantan ezartzeko denentzat lagungarria izanen da artikulu hortan atxemaiten den Bizi!ren “Sustraiak & hegalak” txostena.

    Irakurketa on.

    Berdio