“Amerikako” bozak

PrintFriendly and PDF
Jean-Louis Davant
Jean-Louis Davant
Laborantzako erakasle ohia, idazlea, euskaltzaina, Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.
Beste artikulu batzu

Trump

Gutiz gehienak bezala, harritu naute “Amerikako” bozek, kanpainak bezainbat emaitzek. Zer atxik? Lehenik gauza segurua: bagenekien estatubatuarrei mundu zabala zinez arrotz zitzaiela, beharbada berak zabalegi direlakoz, bere gisako mundu bat osatuz, anitza, hezkaitza. Orain badakigu gure aldetik ez ditugula ezagutzen. Beraz indar bat egin behar dugu europar girotik ateratzeko, gure moralismoak, ideologiak eta pleguak gaindituz. Harrigarriena beharbada, baina hau ez da soilik hangoa: aburu ikerketen porrota. Brexitarekin jada gertatua zitzaien.

Bi arrazoin ikusten dizkiot: bata “politiquement correct” bozkatu nahi ez duten anitzek beren hauturik ez dutela aitortzen; bestea usaian bozkatzen ez duten asko aldi horretan hautesgunera joan direla. Baliteke biak bat izatea. Harrigarria halaber miliarrez aberats den enpresari bat pobreen salbatzaile ikustea, Robin Hood balitz bezala.

Hor ere bi azalpen gerta daitezke: batetik aberastera iritxi den norbaiten aldeko mirespena, amerikar ametsaren etsenplu egokia; bestetik bere enpresa ongi kudeatu duenak Estatua gisa berean kudea dezakeelako ustea, denei lana emanez.

Haatik Estatuak enplegua burrustan sor dezakea, bereziki holako Estatu liberal batek? Bere alderdi zinez liberalaren baimenarekin ? Diru publikoa hain xuhur delarik? Bide faltan ez da ibiltzea bezalakorik, xendra bat bederen ireki dezake.

Hemen bezalaxe, ezker epelaren alde
bozkatzen zuten langileek  eta langabeek
oraikoan eskuin gogorraren “hautua egin dute

Eginbideak bulkaturik, hori bera gertatzen ari zait, irrati eta telebistako elkarrizketak lagun. Eta bidenabar dudak sortzen hasi zaizkit: amerikar eskalapoi handi horiek gutarik hain ezberdin ote ditugu? Europan ere ez ote dugu gisa bereko hauteskundeen ikusteko arriskurik? Han ere industria zinez behera joan omen zaie, lantegi asko hetsi zaizkiete, beste franko lekutu, bereziki Mexikora, langile merkeagoez baliatzeko. Hemen bezalaxe, ezker epelaren alde bozkatzen zuten langileek eta langile ohiek oraikoan eskuin gogorraren hautua egin dute. Alta bada langabezia ehuneko bostekoa baizik ez lukete, ofizialki bederen: ari naiz kontuak nola egiten dituzten… Hain pobre guti dutea? Ez nuen uste. Besterik diote adituek, edo hala ikusiak direnek. Misterio bat gehiago.

Beltzen aurkako arrazismo handia sumatzen da han, bereziki hegoaldeko Estatuetan. Hemen ez ote? Egia da beltzen aurka ez dela gorroto handirik sentitzen. Haatik arabe horien aitzi…zabalkiago musulmanen kontra…izigarri. Trumpek dio mugak hetsi behar direla, paperik gabeko etorkinak kanporatu. Denei lanaren emateko biderik hoberena litzatekeela. Beharrik holakorik ez baita entzuten hemen gaindi! Eta hortik aitzina zer egitarau eta programa: iaka eta fokon?

Egia da liberalismoak eta globalizazioak arazo handiak sortzen dituztela. Haatik aterabidea eskuin gogorrean ote da? Demokraten alderdian lehiakide sozalista batek boz andana gaitza bildua baitzuen, finalera iritsi bazen beharbada Trumpi lehenduko zitzaion, ez? Eta orain zer? Mementoko ez da munduan presidentik bozetako kanpainan hitzemana bete duenik: Trump lehena litzateke. Bere oztopatzaile handienak bere alderdian aurki ditzake, zoritxarrez bere programako zatirik hoberenean: keynesiar kutsuko garapenaren aurka.

Beldurrik handiena Europan dut. Hemen ere eskuin gogorreko demagogia indartzen ari zaigu, eta kasu datorren udaberrian! Fazismoaren eremu historikoan gaude, amerikarrak ez bezala. Haiek eskuineko anarkistak dira, bortitzak, egia da, eta zinez armatuak. Horretan dute ahuleziarik handiena, eta ez bide dute zuzendu nahi.