Ahal Dugu – Podemos

PrintFriendly and PDF
Jakes Lafitte
Jakes Lafitte
Ingeniaria
Beste artikulu batzu

PodemosStéphan Hessel jaun zenarengandik eta berak “Indignez-vous” aldarrikapenetan plazaratu zituen ideietatik sortu zen indignatuen mugimendua Espainian eta orain Ahal Dugu, Podem eta Podemos izenez Euskal Herrian, Katalunian eta Espainian hurrenez-hurren dazaguguna. Espainiako Estatuan, trantsiziotik sortu edo eraberritutako alderdiek ezarritako erreformismoa eta austeritate neurriengatik gero eta azkarragoa da Espainiako Estatuko hautesleek politikeroei dizkioten ezaxoltasuna eta batzuetan jarrera erasokorrak. Ohiko alderdiek duten bizimoduak eta noiztenka agertzen diren ustelkeriak aurkakotasun hori emendatzen dute naski, eta ez da harritzekoa Podemos alderdiak abenduko hauteskundeetan alderdi bikoiztasunaren hautsi izana. “Ciudadanos” alderdi erdiko-eskuindarra zirku honetan sarturik, naski ez da erosoago egoera, non lau hilabete iragan ondoren, Madrilen gobernu berri baten osatzea ezinezkoa baita, eta hauteskundeak berriz egin behar izatea gero eta nabariagoa baita. Francoren diktadura bukatuz geroztik, hau da Espainiako Estatuak pairatzen dukeen kinkarik larrienetako bat.

Mendebaldeko Euskal Herriko hauteskundeei begiratzen badiegu, Ahal Dugu herrialdeko bigarren indar politikoa bihurtzear dagoela ohartzen gara, EAJ eta EH Bildu-ren artean. Nafarroako eserlekuen kopuruari begiratuz, UPN eta abertzaleen (Geroa Bai eta EH Bildu) ondoren hirugarren indar politikoa bihurtu dela dakusagu. Baina zer eman dezake Ahal Dugu-k Euskal Herriaren etorkizunarentzat? Espainiako klase borrokatik sortua denez gero, ezin daiteke oso abertzalea denik esan, bestela Iparraldeko probintzietan ordezkaritza bat ezarriko zuen. Hala ere berrezagutu behar da Hego Aldean dauden alderdi berri honetako militante batzuk – zenbat zehazki ez dakit – euskaldun berri edota zaharrak direla. Gauza beraz ohartzen gara Euskal Herriko sozialista eta PP-kideen artean ere.

Baina nire ustez Ahal Dugu-rekiko dukegun kezkagarriena jazargo handi horixe da: bertako konsultak onartzen dituzte, baita Espainiaren menpean dauden nazioen (Euskal Herria, Katalunia eta Galizia) etorkizunaz erabakitzeko eskubidea, baina aldi berean Espainiaren batasunaren alde izatea. Erabakitzeko eskubidea onartu ondoren, hiru nazio hauetatik batek edo hiruek Espainiatik banantzeko erabakitzen badute, zer izanen da Ahal Dugu-ren erreakzioa? Konstituzioaren zortzigarren artikulu madarikatu hori ezabatzeko xedea ahal dute? Orain arte horri buruz zerbait esan dutenik ez dakit.

Ahal Dugu-ren egitasmoa Helbetikoaren antzeko Iberiako konfederazio baten onartzea litzateke, zeinetan euskarak, katalanerak, okzitanoerak (Vath d’Aran) eta galaiko-portugesak berreskuratu eta erabiltzeko eskubide berdinak bailituzkete, benetako nazioen konfederazio baten lortzeko asmoz. Baina Ciudadanos bezalako alderdi berri jakobinoa dagoela ikusirik, ez dut uste denbora luzerako halako konfederazio batek iraunen lukeela, edo Espainiako klase politikoaren mentalitateak, eta bereziki armadarenak aldatu beharko luke.

Oroit gaitezen sasi trantsizioaren hasieran Espainiako sozialistek lehen indar politikoa bihurtu zirela Hegoaldean, baina hasiera batean autodeterminazioari buruzko promesa asko egin arren, neofrankisten eraginpean, hitza jan zutela eta Euskal Herriarentzako errepresiobide basak antolatu zituztela. Euskadiko Ezkerra bereganatu zuten ere. Aintzinago ETA-VIII- ak Euskal arazoa “kimikoki hutsa zen klase arazo bat” izan zela aldarrikatu zuen. Euskal Herriak, nazio menperatu orok bezala erdizka fidatu behar du kanpotik helduriko indar ezkertiarrekin.

Austeritateari buruz Ahal Dugu-k aldezten dituen asmo berdinak baditu EH Bildu-k. Naski, EAJ eta ezker abertzalearen arteko ikuspuntu desberdinak badira, baina Euskal Herriaren etorkizun euskaldun baten segurtatzeko elkartu beharko litzateke abertzale guztiak, bai eskuin, baita ezker muturrekoak ere. eta klase borroka ez gerorako utzi, baina denbora berean eraman. Kasu honetan Euskal Herriko Ahal Dugu-k ikertzaile bat bezala jokatu beharko luke, giza arazoetan laguntza eman, baina independentziaren aldeko bidean oztoporik ezartzeke.

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak